Erkibeko herri prozesuaren lehenengo fasean jasotako ekarpenak eta ateratako ondorioak jendaurrean aurkeztuko ditu Zumaiako Udalak, datorren asteazkenerako, urriak 14, deitu duen saio irekiaren bitartez. 18:30ean jarri du hitzordua, Alondegiko Oxford aretoan, eta zumaiar guztiak gonbidatu ditu parte hartzera, "proiektua elkarlanean definitzen jarraitzeko".
Etorkizunean tokiko ekoizpena, elikadura burujabetza eta herriko ekonomia ardatz izango dituen proiektu bat garatu nahi dute Erkiben, eta, horrez gain, eraikin hori herritarren topagune eta komunitatearentzako erabilera anitzeko espazio bihurtzea planteatzen du udalak; jarduerak, ekimenak eta herritarren arteko harremanak sustatzeko. Ideia horiei herritarrekin batera eman nahi die forma udalak, eta helburu horrekin abiatu zuen Erkiberen etorkizuna herritarrekin eta Zumaiako eragileekin elkarlanean ontzeko herri prozesua. Elkarlan horrek orain arte egin duen ibilbidea ezagutzera emango du udalak datorren asteko hitzorduan, eta, horrez gain, herri prozesuaren hurrengo pausoak zeintzuk izango diren azalduko dute.
Entzun ostean, zehaztu
Prozesuaren lehen fasean entzute eta diagnostiko lana egin dute, eta hala, herritarren, merkatarien, ekoizleen eta beste eragile batzuen iritziak eta proposamenak jaso dituzte. Udalak nabarmendu duenez, ekarpen horiek izango dira proiektuaren abiapuntua.
Lehenengo faseko ondorioak aurkeztu ostean, proiektuaren ezaugarriak zehazten jarraituko dutela iragarri du udalak: "Espazioak izan ditzakeen erabilerak, eskaini beharreko zerbitzuak eta jarduerak, tokiko produktuen presentzia, herritarren parte-hartzea eta proiektuaren antolaketa eta funtzionamendua, besteak beste".