EAEko txapelketa irabazi berritan, nazioarteko lehian izango dira Itxas Gaineko piraguistak

Maddi Txintxurreta

Itxas Gaineko piraguistak, EAEko txapelketa irabazi berritan. (Itxas Gain)

Euskadiko Itsas Kayak Txapelketa irabazi berritan, gaurtik igandera bitartean Villajoyosan (Alacant, Herrialde Katalanak) jokatuko duten Munduko Itsas Kayak Txapelketan lehiatuko dira Itxas Gaineko piraguistak.

Pasa den irailaren 27an Leikeition (Bizkaia) jokatu zuten Euskadiko Itsas Kayak Txapelketa irabazi zuen Itxas Gainen, eta denboraldiari amaiera emateko, Villajoyosan (Alacant, Herrialde Katalanak) lehiatuko dira datozen egunetan Zumaiako klubeko piraguistak, Munduko Txapelketan.

Irailaren 27ko estropadan, Itxas Gaineko piraguistak Elantxobetik abiatu ziren eta Lekeitioko hondartzaraino egin zuten arraun. Banakako "emaitza bikainak" lortzeaz gain, Zumaiako klubak Euskadiko Itsas Kayak txapelketa irabazteko adina puntu lortu zituen, Pasaia Kayak taldeari lidergotza lapurtuz.

EAEko txapela buruan, nazioarteko kirolarien kontra lehiatzeko prest dira Itxas Gainekoak, gaurtik igandera bitartean Villajoyosan jokatuko duten Munduko Itsas Kayak Txapelketan parte hartuko baitute klubeko 15 piraguistak. Taldeak nabarmendu duenez, Zumaiako klubeko piraguistek gutxitan izaten dute nazioarteko txapelketetan lehiatzeko aukera, urruti izaten baitira normalean (Hegoafrikan izan ziren iaz, eta Tahitin izango dira datorren urtean). 

Taldeko kide batzuk Short Race Eurochallenge lasterketa azkarreko kategorian lehiatuko dira gaur, eta klubak ziurtatu duenez, "ahal den neurrian gozatzen eta ahalik eta emaitza txukunenak lortzen saiatuko dira Zumaiko piraguistak".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide