Esku Hutsik elkarteak dolu perinatalaren inguruko informazioa emango du Pulporen partidatan

Maddi Txintxurreta

Lubaki kiroldegia.

Pulpoko taldeek partidak jokatu bitartean postu bat jarriko dute Esku Hutsik elkarteko kideek. Informazioa zabaltzeaz gain, dolu perinatala pairatzen ari diren familiei laguntzeko dirua bilduko dute.

Haurdunaldian, jaiotzeko unean edo egun gutxira haurra galdu duten familiek osatzen duten Esku Hutsik elkarteko kideak dolu perinatalaren inguruko informazioa zabaltzen ariko dira asteburuan Lubaki kiroldegian, Pulpoko taldeek partidak jokatu bitartean.

Urriaren 15ean Dolu Perinatalaren Nazioarteko eguna izango da, eta Esku Hutsik elkartekoek, Pulporekin elkarlanean, asteburu hau baliatuko dute oraindik ere tabu diren heriotzen eta horiek eragiten dituzten doluaren inguruan kontzientzia pizteko.

Eskubaloiko partidak jokatu bitartean postu bat jarriko dute elkarteko kideek, eta informazioa eskaintzeaz gain, hainbat produktu izango dituzte saltzen. Saski baten zozketa ere egingo dute, eta herritarren ekarpen ekonomikoak dolu perinatala jasaten ari diren familiei laguntzeko bideratuko dituzte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide