Muxin eta Zapotxin pailazoek irekiko dute udazkeneko arte eszenikoen programa

Maddi Txintxurreta

Miriam Romatet kultur teknikaria, Muxin (Libe Yeregi) eta Marina Bidasoro kultur zinegotzia. (Zumaiako Udala)

Pailazoek emanaldi bikoitza eskainiko dute urriaren 18an Aita Marin, eta udalak jakinarazi duenez, sarrera gutxi batzuk gelditzen dira bi saioetarako. Abendura artean, beste bost emanaldi antoladu ditu udaleko Kultur Sailak.

Helduei nahiz haurrei zuzendutako sei proposamenekin ondu du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak abendura bitarteko arte eszenikoen programazioa. Muxin eta Zapotxin pailazoen emanaldi bikoitzarekin abiatuko da programazioa urriaren 18an, igandea, eta abendura artean, antzerkiaz, dantzaz nahiz bestelako emanaldieak izango dira Aita Mariko zine aretoan.

Hilaren 18an 12:00etan eta 16:30ean igoko dira Muxin eta Zapotxin Aita Mariko oholtza gainera. Zumaian eskainiko dituzten bi emanaldietarako sarrerak agortzear direla jakinarazi du udalak, eta sarrerakzumaia.eus atarian eros daitezke geratzen direnak.

Libe Yeregi zumaiarra sartuko da Muxinen azalean, eta Zapotxinekin eta Amona Mirentxurekin batera baserriko lanak eta animaliak ezagutuko ditu. Aurrez ere Zapotxin antzerki taldearekin aritua da Yeregi, Baratxuri zoparen sekretua ikuskizunean, hain zuzen.

Helduei zuzendutako eskaintza ere prestatu du Kultur Sailak. Urriaren 23an Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana taularatuko du Ttanttaka teatroak. Tragikomedia horrek hainbat gaien inguruko hausnarketa zabaltzen du, lau pertsonaien bidez: bakardadeaz, ezintasunaz, bizitzen jarraitu ahal izateko janzten ditugun maskarez, buruko gaixotasunez nahiz desamodioaz.

Azaroaren 9an, Benetan Be teatroak hiru urtetik gorako haurrei eta familiei zuzendutako Bidutzi emanaldia taularatuko du. Ikuskizun horretako pertsonaiak elkarrekin beldurtzera jolastuko dute: bizitzaren atal batetik bestera igarotzerakoan oldartzen diren beldurretarantz zuzenduko dute linterna, eta elkarren eskutik helduta barre ere egingo dute.

Vidania Teatroaren 7 urte helduentzako antzerkia, halaber, azaroaren 27an ikusi ahal izango da Aita Marin. Iruzur fiskalagatik atxilotu dituzten lau lankideren bitartez, erruaz eta kartzelaz egingo dute gogoeta.

Bestalde, emanaldietako bat Komentura eramango dute: Myriam Perez Kazabonen eskutik, dantza eta literatura uztartzen dituen ikuskizuna izango da abenduaren 13an han. Koreografoa, dantzaria eta pedagogoa da Perez, eta hainbat diziplina gurutzatzen ditu emanaldietan.

Haurrei zuzendutakoa izango da programazioko azken emanaldia ere. Naita produkzioak taldeak Ama, amama eta mamuak! ekarriko du Zumaiara, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako ikuskizuna, eta haren bitartez, bizitzaren zikloaz, mamuez, amaz eta oroitzapenez ariko dira. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide