Sei hilabete berdegunetik kanpo igaro eta gero, Eibarko taldekideekin entrenatzera itzuli da Peru Nolaskoain futbolari zumaiarra. Asteazkenean prentsaren aurrean iragarri zuen taldeko ohiko dinamikara itzuli dela, eta lehiatzeko gogoz dagoela ziurtatu zuen.
Nolaskoainek apirilaren 19an sufritu zuen urte erdiz gelditzera behartu zuen lesioa, Huescaren kontra Ipuruan jokatutako partidan. Zumaiarrak aitortu zuen geldialdia "luze" egin zaiola eta taldeko dinamikara bueltatzeko gogoz zegoela. Entrenamenduekin hasita, lehiatzeko pronto ikusten du bere burua, eta "pixkanaka taldean sartzeko asmoa" agertu zuen.
"Taldearekin sentsazio onekin nabil; zaila da galdutako leku horretara itzultzea, baina lasai nago, uste dut nire itzulerak mesede egingo diola taldeari", adierazi zuen.