Adinekoei zuzendutako jarduerak ezagutarazteko ate irekien jardunaldia egingo dute asteartean, urriaren 13an, Zumaiako Musika eta Dantza eskolan. 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako jardueren nondik norakoak azalduko dituzte 10:30etik 12:30era Komentuko bigarren solairuan egingo duten talde saioan.
Eskolakoek azaldu dutenez, 65 urtetik beherako pertsonek ere parte har dezakete adinekoei zuzendutako saioetan, batez ere, gaixotasunen bat dutenek, hala nola parkinsona, narriadura kognitiboa edo depresioa. Etxean bakarrik sentitzen diren herritarrek ere batu ahal izango dute saioetara.
Adinekoei zuzendutako egitasmoarekin jarraitu ahal izateko ezinbestekotzat jo dute taldea indartzea, eta horregatik, urrian doakoa izango da ikastaroa. Herritarrek jarduera ezagutzeko eta saioak probatzeko aukera izan dezaten hartu dute neurri hori eskolakoek.