Itxas Gain klubeko piraguistak urrezko lau dominarekin itzuli dira Itsas Kayakeko Munduko Txapelketatik

Julene Sorarrain

Itxas Gain klubeko piraguistak, asteburuan Villajoyosan jokatu den Itsas Kayakeko Munduko Txapelketan. (Itxas Gain) 

Zumaiako klubeko piraguistek emaitza bikainak lortu dituzte asteburuan Villajoyosan (Alacant, Herrialde Katalanak) jokatu den txapelketan, tartean urrezko lau domina eta brontzezko postu bat.

Itxas Gain klubeko piraguistek emaitza bikainak lortu dituzte asteburuan Villajoyosan (Alacant, Herrialde Katalanak) jokatutako Itsas Kayakeko Munduko Txapelketan. Ostegunetik larunbatera bitartean jokatutako probetan, Zumaiako taldeko kideek maila ona erakutsi dute, eta hainbat domina eskuratu dituzte.

Txapelketako lehen egunean, ostegunean, short race probarekin hasi ziren lehiatzen. Asier Aizpurua, Haritz Aizpurua, Oier Aizpurua eta Irati Osa aritu ziren lehian. Bi kategoria baino ez zeudenez, gizonezkoen SS1 eta emakumezkoen SS2, lehia zaila izan zuten. Hala ere, emaitza aipagarriak lortu zituzten: Osak zazpigarren postua eskuratu zuen emakumezkoen kategorian; gizonezkoetan, berriz, Asier Aizpurua 13. izan zen, Oier Aizpurua 25. eta Haritz Aizpurua 30.

Ostiralean, SS1 modalitateko probak jokatu ziren, eta Itxas Gain klubeko hamaika piraguista lehiatu ziren: Oier Aizpurua, Eñaut Aizpurua, Maite Etxabe, Haritz Aizpurua, Asier Aizpurua, Iñaki Unanue, Iosu Agirrezabalaga, Vicente Royo, Josu Etxaniz, Jose Mari Villagarcia eta Iñigo Lois. Taldekide guztiek emaitza onak lortu zituzten, baina Maite Etxaberen eta Oier Aizpuruaren jardunak nabarmendu ziren bereziki. Etxabek munduko hirugarren postua eskuratu zuen, eta Aizpurua seigarren izan zen.

Larunbatean, SS2 modalitateko txanda iritsi zen. Zumaiako piraguistak hainbat ontzitan lehiatu ziren, eta emaitza bikainak lortu zituzten. Guztira, lau urrezko domina eskuratu zituzten: Asier eta Haritz Aizpurua anaiek, 23 urtez azpikoen kategorian; Maite Etxabek eta Oier Aizpuruak domina bana, SS2 Master mistoen 90-99 kategorian; Iñigo Loisek eta Lander Rodriguezek osatutako ontziak, SS2 Master 70-79 kategorian; eta Joxemari Villagarciak eta Manuel Melarak SS2 Master 100-109an.

Klubak talde lanaren eta elkarrekin entrenatzearen garrantzia azpimarratu ditu lortutako emaitzen gako gisa. "Emaitza hauek guztiak urteetan zehar egindako esfortzuaren eta talde lanaren fruitua izan dira. Baina esan beharra dago sakrifizio hau ez zela posible izango klubean dugun giroagatik eta kirol honen bueltan partekatzen dugun zaletasunagatik izango ez balitz. Entrenamenduak besteekin partekatzea da guztiaren oinarria", adierazi dute arduradunek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide