"Faxismoaren eta espainolismoaren aurrean desobedientzia" aldarrikatu dute ikasleek

Julene Sorarrain

Gaur goizean Zumaia BHI ikastetxean egindako jardunaldia. (utzitakoa)

Ikamak deituta, Euskal Herriko ikasleek herri eskolak antolatu dituzte gaur, urriak 12, "faxismoaren eta espainolismoaren aurrean desobedientzia" aldarrikatzeko. Zumaiarren kasuan, ikasle mugimenduari buruzko dokumentala ikusi eta horren inguruan eztabaidatu dute. Ondoren, Zarauzko Ernairen manifestaziora batu dira.

Faxismoaren eta espainolismoaren aurrean, ikasleok desobedientzia! lelopean, urriaren 12an herri eskolak antolatu ditu Ikamak, eskualdez eskualde. Ikasle antolakundearen arabera, mundua "kaosean murgilduta" dago, eta "ideia erreakzionarioen gorakada" nabarmena da. Ikamak adierazi duenez, "mundu mailako olatu autoritario eta atzerakoiaren eraginez, Frantziako eta Espainiako estatuen nazio proiektuak sustatzen dituzten bloke erreakzionarioak indartzen" ari dira.

Era berean, sektore horien diskurtsoek eta jarduerek euskal herritarren eskubideak mehatxatzen dituztela salatu du. Egoera horren aurrean, "desobedientzia" aldarrikatu dute ikasleek, eta herri eskolak antolatu dituzte gaurko egunean. Hain zuzen ere, Zumaia BHI ikastetxeko liburutegian egin dute jardunaldia. Bertan, Euskal Herriko ikasle mugimenduari buruzko dokumental bat ikusi dute, eta, ondoren, ikusitakoaren inguruan eztabaidatu dute. Jardunaldiaren ostean, Zarautzera joan dira, Ernaik deitutako manifestazioarekin bat egiteko. Bertan, urriaren 12an "ospatzeko ezer ez" dutela aldarrikatu dute.

Ikamak azaldu duenez, herri eskolak "eztabaidarako eta politizaziorako guneak" izan dira. Halaber, "heziguneak hartuz saretzen eta antolatzen jarraitzeko asmoa" berretsi du ikasle antolakundeak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide