Naturako ura gatibatzen eta biltzen duen presak bezala, babestearen eta presatzearen arteko mugan flotatuko du larunbatean aurkeztuko duzun Presa erakusketak. Zer modutara adieraziko dute tentsio hori Oxforden erakutsiko dituzun piezek?
Modu askotara. Tentsio horren gaineko hausnarketak sortu du erakusketaren izenburua, eta lan honen barruko piezetan antzeman daiteke tentsio hori; erabili ditudan materialetan, formetan... Adibidez, pieza askotan materialak elkarren artean ahokatzen dira. Bestalde, erakusketa akuatikoa izango da, nolabait; lan batzuk urari estuki lotuta daude, eta erakusketa, funtsean, errioaren ertzean egongo da. Oso interesgarria da hori, zeren niri ez zait interesatzen paisaia bere soilean lantzea, baizik inguruak ematen didan horrekin lan egitea. Kasurako, naturaren istripuekin edo zoriarekin lan egin izan dut, ura duten inguruetara joan izan naiz materiala biltzera, hondakinak, askotan; zeren urak, kontrolatu ezin den arren, agentzia propioa izateko aukera ematen dit.
Zumaian zaude, itsasertzeko formazio geologikoek milioika urteko historia kontatzen duten tokian, eta San Telmo ermitako selfie-arenean. Eibar eta Zumaia artean bizi zara zu. Hemengo geografiak eragina al du zure lanean?
Bai. Pentsa, Itzurunen hasi dudan lan bat egongo da erakusketan, eta aretoa errioarekin konektatuko dut. Beti deitu izan nau flyschak, eta esango nuke erakusketa hemen egiteak zentzu handia duela. Ura entzerratzeko ideia horrek zerikusi handia du aipatu duzun gatazkarekin. Paisaia polita dago hemen, idilikoa, eta horrek paisaia kontsumitzera eramaten gaitu.
2022tik hona landu dituzun piezak erakutsiko dituzu Alondegiko Oxford aretoan. Nola bereiziko dira azken lau urteetan ibili dituzun etapa artistikoak?
Erakusketako pieza guztiak ez dira berriak, baina badira espresuki erakusketa honetarako sortu ditudan lanak ere. Urarekin zerikusia duten piezekin hasi zen guztia, geroko piezak metaforikoagoak dira, eta azkenerako, presaren zentzu literalaren gainean egin dut lan. Ura atxikitzen duen lekua da presa, beraz, bizitzan aurki daitezkeen espazio mugatuez hitz egiten du, sistematik kanpo egoteaz, baztertzeaz. Hori adierazteko, hirietako materialarekin egin dut lan: Eibar berrurbanizazio fase batean dago, eta han material asko jaso dut. Balizaje zintak egongo dira; material oso ohikoa da, eta modu oso zuzen eta bisual batean, zera esaten digu: "Ezin duzu hona sartu". Paketatzeko funtzioa egiten duten materialak ere jaso ditut; burbuiladun plastikoa, adibidez.
Bestalde, etapa artistikoak bereiziko dira, baina aldi berean, elkarren artean nahastuko dira. Gustatzen zait etapa horiek guztiak elkarren artean harremanetan jartzea, ez baitira etapa itxiak.
Hondakinak ohikoak dira zure proiektuetan, ehun-hondakinak, batik bat. Zenbait pertsona bezala, noizbait baztertuak izan ziren material horiek.
Hori da. [Azpeitiko] Dinamoan landu nuen Textile proiektuan horretaz ari nintzen. Kontsumitu eta bota egiten dugu, bazterkeria modu bat da hori. Baztertzea beharrezkoa da, ezin da saihestu, baina batzuetan komeni da bigarren aukeretan pentsatzea.
Aurretik garatu dituzun beste proiektuak biltzeko modu bat al da Presa?
Bai, biltzeko modu bat da, eta ez ixteko modu bat. Hain zuzen ere, zerbait ireki nahiko nuke erakusketarekin. Bestalde, erakusketan esku hartze txikiak egingo ditut, beraz, behin baino gehiagotan bisitatu daiteke. Adibidez, leihoetatik sartuko den argiak aldatu egingo ditu erakusketako zenbait pieza, eta urarekin lan egingo dudanez, aldakorra izango da: agian, lurrundu egingo da. Museoetako aretoak, normalean, erakusketa bat hasieratik bukaerara aldatu gabe ikusi ahal izateko pentsatuta daude, baina ingurunearekin lan egiten duzunean, hori ezinezkoa bihurtzen da, kanpoko baldintzen menpe zaude.
Kontzientzia ekologista pizteko asmoa du erakusketak?
Bai. Ez da panfleto bat, ezta manifestu bat ere, baina hondakinekin lan egiten dut, hain zuzen ere, gai horiek mugitzen nautelako eta gustatuko litzaidakeelako gauzak aldatzea. Ez dut naturarekin lan egiten paisaia polit batek erakartzen nauelako, babestu nahi dudalako baizik.
Presa 18:00etatik 20:00etara (asteburuetan eta jai egunetan goizez ere bai) izango da ikusgai. Nolakoa nahiko zenuke izatea bisitariaren eta erakusketaren arteko harremana?
Bisitariak guztiz irekitzea izango litzateke jarrerarik onena. Irudiekin edo gorputza duten piezekin lan egiten duzunean, eta horiek ez badute era literal batean erakusten esan nahi duten hori, jende askok ez du ulertzen. Bisitariari eskatuko nioke pentsa dezala zer iradokitzen dion piezak, zer oroitzapen pizten dizkion, zeren antza hartzen dion, non ikusi duen material hori. Ikustea ez da nahikoa izango, ez dudalako ikusmenarekin bakarrik lan egiten. Esango nuke erakusketari denbora eskaintzea dela garrantzitsuena, piezei buelta ematea, ertz desberdinak begiratzea. Eta poztuko nintzateke erakusketak norbaiti zerbait mugituko balio, eta jendeak azalduko balit zer ikusi duen. Zeren artista, bera bakarrik, inoiz ez da gai izango bere lana guztiz ulertzeko.