49. Euskal Zine Bilera hartuko du Lekeitiok (Bizkaia) bihartik igandera bitartean, eta aurtengo sail ofizialean guztira hogei film lehiatuko dira, tartean Oier Romatet eta Araitz Garate zumaiarren 700 film laburra.
Urriaren 15ean, ostegunarekin, izango da film laburraren proiekzioa, 19:00etatik aurrera, Ikusgarri zine aretoan. Lehiaketako sari banaketa ekitaldia, berriz, urriaren 17an egingo dute, 19:30ean Ikusgarrin bertan.
700 film laburraren sinopsia da honako hau: "Hornidura gabezia nagusitzen den komunitate batean arau nagusi bat dute: 10 urtetik gorakoak ezin dira 700 baino gehiago izan. Haur batek 10 urte betetzeak bizitza baten sakrifizioa dakar askotan. Albaren hamargarren urtebetetzea iristear da eta horrek hankaz gora jarri du familiaren egonkortasuna".