Gaur egun Itxas Gain klubean ari diren piraguistak nahiz piraguista ohiak elkartuko ditu larunbat honetan Zumaiako klubak. Lau urtean behin egiten dute piraguisten festa, kirolariek elkar ezagutzeko nahiz kirol horrek errio inguruan eta herriko kaleetan ikusgarritasuna hartzeko.
Egitarau betea antolatu du Itxas Gainek larunbateko festa handirako. Goizean, 10:30ean, piragua irteera egingo dute, eta ohiturak agindu bezala, Jose Migel Egaña eta Fernando Balenziaga zirenak oroitzeko tartea hartuko dute 11:30ean. Kalejira eta txikiteoa egingo diuzte gero kalez kale (13:00etan Zalla tabernan hasita), eta amaitzeko, elkarrekin bazkalduko dute Talaia tabernan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 65 lagun inguru elkartuko dira bazkaritan.
Peio Romatet Itxas Gain taldeko kideak azaldu duenez, aurreko edizioetan 80-90 lagun elkartu izan ditu piraguisten festak, eta gutxiago izango dira etzi. Hala ere, topaketak balio handia duela nabarmendu du. Izan ere, gaur egun piraguismoaren bueltan dabilen jendea bakarrik ez, aspaldi kirol horrekin eta Itxas Gain klubarekin lotura zuen jendea izaten da festan, eta "piraguako garaiak gogoratzeko" nahiz elkar ezagutzeko aukera izaten dute guztiek. Goizeko piragua irteera izan ohi da eguneko ekintzarik politenetakoa, Romateten ustez. "Jende asko elkartzen gara, eta normalean erabiltzen ez ditugun ontziak uretaratzen ditugu, lau lagunekoak eta. Jende askok normalean ez du aukera izaten piraguan ibiltzeko, eta egun hori aprobetxatzen du", agertu du.
Memoria egiteko ere baliatuko dute festa. Aurreko edizioetan bezala, erramu bana utziko dute Jose Migel Egañaren eta Fernando Balenziagaren oroitarrietan. Kirola egiten hil ziren bi piraguistak: Egaña 1969ko martxoaren 27an zendu zen, piragua istripu bat izan ondoren; eta Balenziaga, Itxas Gaineko kidea, triatloi bateko igeriketa proban parte hartzen ari zela, 1998ko irailean.