Arraun munduko "erreferentea" dela diote batzuek; "instituzioa" beste batzuk. Eskola zaharreko gizona da Goiko, azeri zaharra. Hau sinatzen duenak sarritan elkarrizketatu du eta zerbait garbi atera badu da Goikok nahi duena bakarrik esaten duela. Zaila ez, ia ezinezkoa da Goikori berak nahi ez dituen hitzak ateratzea. Grabagailua martxan dagoenean ondo kalkulatutako esaldiak esaten ditu, betiere oso modu diplomatikoan. Grabagailuaren stop botoia ematen denean hasten dira komeriak: orduan hasten da Goiko benetan pentsatzen duena esaten. Hemen ere hala izango ote da?
Hiru hamarkada luzetan izan da Goiko Zumaiako arraun elkarteetako presidentea. Hala izan da pasa den otsailera arte. Zumaiako Arraun Elkarteak hauteskunde prozesua izan zuen eta Luis Osa buru zuen zerrenda izan zen hautagai bakarra. Beraz, Osa izango da presidente berria datozen urteetan. Goikok, baina,arraun munduan lanean jarraituko du; bera izango da Zumaiaren ordezkaria estropadetan. Albistea zabaldu zenetik telefono dei ugari jaso ditu 63 urteko zumaiar honek. Pertsonaia aski ezaguna da arraun munduan. "Ni oso lasai nago. Karga bat bizkar gainetik kendu dut eta orain prest izango naiz ahal dudan guztian laguntzeko".
Goiko, presidente bezala ezagutu zaitugu beti, baina badakit arraunlaria ere izan zarela.
Bi urtetan egin nuen arraunean, soldadu joan aurretik. 1969an eta 70ean izan zen. Orduan ez zegoen gauza handirik eta moldatzen ginen zerbait egiten Joseba [Sasiain] Artiarekin. Ahalegin guztiak egiten zituen hark eta guk ere ahal genuena egiten genuen. Garai hartan ez zegoen gaur bezalako klubik. Justa azpian dutxatzen ginen eta tokatzen zitzaionak butano bonbona ekartzen zuen, dutxa beroa hartu nahi bazuen behintzat. Batela eta trainerilekin ibiltzen ginen. Traineruan aritzera ez nintzen heldu. 1970ean hasi ziren traineruarekin Apestegi difuntua, Iñaki Yeregi, Urtain eta konpainia. Jende indartsua eta handia zen. Haiek ere bere lana egin zuten eta handik pixkanaka aurrera egin zuen arraunak Zumaian.
Aita Mari Arraun Elkarteaz ari al gara?
Orduan ez zegoen ezer ere. Iñaki Yeregi eta hauek zioten bere garaian Aita Mari kluba sortu zutela; derrigorrez paperetan egon behar zuela, baina ez genuen inon horren arrastorik aurkitu. Soldaduskaren ondoren, 1975ean, koadrila elkartu zen eta elkartea sortu genuen arraun taldea sortu eta arraunari indarra emateko. Joxe Antonio Etxaberekin batera hasi nintzen ni zuzendaritzan. Donostiara joan behar izaten genuen bileretara. Hasieran pixka bat kuzkurtuta egoten nintzen, baina Joxe Antonio ohituta zegoen eta harekin ondo moldatzen nintzenez, harekin joan nintzen ikasten.
Ikusten da betitik izan duzula arraunaren zaletasuna. Zer da arraunean aurkitzen duzuna?
Nire bizitza guztian musika eta arrauna izan dira gehien gustatu zaizkidan gauzak. Arrauna beti gustatu izan zait, eta urtetik urtera gehiago. Oso pozgarria iruditzen zait, adibidez, azken egun hauetan hemen ikusi duguna, [elkarrizketa Zumaian izandako batel jardunaldien ondoren egin zen] hainbeste ontzi, 90etik gora, errekan ikustea. Hori zoragarria da eta horrek berak ematen du indarra aurrera segi eta gauza berriak egiten jarraitzeko. Nahiz eta amorrazioak pasa baita ere.
Zerk bultza zintuen arraun elkarteko presidente izatera?
Lehenbizi ordezkari bezala ibiltzen nintzen. Joxe Antoniok lehendakaritza utzi zuenean beste pare bat presidente izan ziren baina han, beste leku askotan gertatu bezala, inork ez zuen kargua hartu nahi. Behin presidente kargua hartu nuenean, akabo! Elkartean bozketak egiten zirenean beti lehengoak jarraitzeko erabakia hartzen zen. Elkarteko bazkide nintzen, sortzaileetakoa, eta gustura ibiltzen nintzen. Baina gehienbat arraunagatik egiten nuen lana.
Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek?
1978an atera genuen trainerua lehenbizi, kluba fundatu zenetik hiru urtera. Ordutik txalupa ez dugu inoiz zintzilikatu. Hau ere errekorra da. Hemen inguruko klub askok zintzilikatu dituzte beren traineruak; guk sekula ere ez, eta erronka hori ere hor dugu. 1978an Santurtzik nahi ez zuen traineru bat ekarri genuen eta harekin hasi ginen. 1981ean, Luxia [Luis Mari Olasagasti] etorri zenean entrenatzera, lortu genuen lehen bandera trainerutan: Villa de Bilbao izan zen eta Kaiku hutsagatik irabazi genuen. Orduan hasi ginen pixkanaka gorantz. 1982an hobeto, 1983an ere bai, eta 1984an errekorra jarri genuen maila guztietan. 24 orduan hiru estropada korritu genituen eta bi bandera irabazi, Zarautzen eta Portugaleten. Beste errekorra da bi bandera irabazi genituela egun berean: Teresa Herrera A Coruñan eguerdian eta Castropolen (Asturias) arratsaldean. Gauza horiek garrantzi handikoak dira. Gaur egunean ez daude halako gauzak egiterik, baina orduan bai.
Trainerua urte hauetan ez dela inoiz zintzilikatu diozu. Ez uretaratzeko arriskurik izan al da inoiz?
Arriskuan egon da, bai; baita oso gaizki ere. Jendeak esan izan du hain gaizki ibiltzeko hobe zela trainerua zintzilikatzea. Esaten nien hori zela errazena, zintzilikatzea. Eta gero zer? Zeinek aterako zuen? Orduan erantzunik ez. Errazena hori da, jardutea. Egoskor segi dugu eta honaino heldu gara.
Barrualdeko arraunlari asko izaten zenituzten lehen urte haietan. Matxinbentakoak, Urrestillakoak, etab. Nola juntatu zenuten koadrila hura?
Zumaiakoak ere baziren mordoxka bat, eta haien bitartez lortu genuen. Zumaiara etorri eta arraunean ikustean galdetu egiten zuten ea zenbat ordaindu behar zen hor aritzeko.
Gogoan dut garai hartan Kaikurekin eta Santurtzirekin zenutela pike handienak.
1981ean, lehen bandera irabazi genuen urtean, Kontxa ez genuen irabazi hutsagatik, zorte txarragatik edo uretan gertatzen diren gauzengatik. 82an ere hor ibili ginen; 83an boikota izan zela eta laga egin genuen, eta 1984an, bandera guztiak ekarrita, estropada guztiak irabazita, Kontxako lehena irabazi genuen. 1985ean larri-larri Santurtzik irabazi zigun. 86an hortxe ibili ginen eta 1987an bigarren Kontxa ekarri genuen, egurra emanda, eta Urkik utzitako Fontanen traineruarekin.
1984an Kontxa irabazteak zer ekarri zuen?
Harrera ikusteak bakarrik dena esaten du. Kristorena izan zen. Kristoren jende piloa inguratu zen. Azpeititik eta beste herrietatik etorri zen jendea eta hura ikusteak bakarrik hotzikarak sortzen zituen. Hunkigarria izan zen.
Luxia entrenatzaile zela irabazi zen lehen bandera. 30 urtez izan da Zumaiako entrenatzailea. Zer izan da Luxia zuretzako?
Lanean beti egoten dira gorabeherak, baina Luxiarekin beti ondo eraman naiz. Anaia bezala ez, baina ia-ia antzerakoa dela esango nuke. Lan ederrak egin ditu. Askotan larri-larri, ailegatu ezinik lanagatik, baina gaur egunean halakorik ez dago. Batzuek uste ez badute ere, oso entrenatzailea ona da. Bere garaian, hark zituen erremintekin, lan handia egin zuen. Gaur egun dauden erremintak izan balitu, oraindik hobeto moldatuko zen.
1987an lortu zen bigarren Kontxako bandera. Agian ez du lehenak bezalako ospea.
Kontxa beti da Kontxa eta 1987an ere harrera oso ona izan zen. 1984an estropada guztiak irabazi zirelako edo, urte hartakoak beste fama bat du, baina bandera irabaztea lan gogorra izaten da, mutilek lan handia egin behar izaten dute eta meritua bera da batean eta bestean.
"Ni jefea ez naiz inoiz kontsideratu eta hemen atea beti egon da zabalik denontzat"
Ordutik ezer gutxi egin du traineruak. Gorabehera asko izan dira eta bigarren mailan ere egon da Zumaia…
Jende batek ere alde egin zuen klubetik. Normala ere bada urte batzuk egin eta gero. Saiatu ginen ahalik eta hobekien ibiltzen, baina… 1992an lortu genuen berriro Kontxan sartzea, baina haren ondoren etorri zen beherakada eta behe ko mailan ere ibili ginen. 2003an sortu zen TKE liga eta hura ikusita salto bat ematea erabaki genuen. Kanpotik arraunlari batzuk ekarri genituen,gaur egungo entrenatzaile Santi Zabaleta tartean zela aurrerapauso hori emateko. 2005ean lortu genuen TKE mailan sartzea. Ordutik hor ibili gara, larri-larri, baina behintzat ez gara jaitsi. Gurea bezalako klub txiki batentzat, etxeko jendearekin lana egiten duen klub batentzat, emaitza ona da. Mutil hauei eskerrak eman behar zaizkie, ezer kobratu gabe lan egiten dute-eta. Irabazten duten diru bakarra sarietatik datorrena da.
Baina orain urte batzuk agindu zitzaien arraunlariei diru kopuru bat soldata bezala. Horrek ere eragin izan zuen klubaren egoera ekonomikoan.
Diru bat agindu zitzaien, eta baita eman ere. Gure errua izan zen. Esponsor baten zain egon ginen; zumaiar bat zegoen tartean eta pentsatu genuen baiezkoa emango zigula. Azkeneko momentuan ezezkoa eman zigun eta ekonomikoki egoera txarrean utzi gintuen. Modu batera edo bestera moldatu behar izan genuen. Nahiz eta oraindik gauzatxo batzuk badauden konpontzeko, orain hobeto gaude eta ez dut uste arazorik dagoenik.
Kluba zuzentzeko eragatik kritika dezente jaso dituzu.
Kritikatzea libre da. Denagatik izaten dira kritikak. Kritika gehien egiten dutenak dira sekula ezer egiten ez dutenak. Hori da ederrena. Aita Mari elkartean ere hori gertatu zen. Sekula ezer egiten ez zutenak kritikak egiten, beti eskandaluan, arrazoirik gabe. Garai hartan erosten zen materiala arraunak irabazten zuen dirutik ordaintzen zen, ez elkarteak lortzen zuenarekin. Orduan asanbladak erabaki zuen apartatzea: arrauna alde batera eta elkarte gastronomikoa bestera. Horrelaxe egin genuen. Geure parteak egin genituen eta kito. Presidente nintzela bi kontuak apartatu nituen, elkartekoa elkartearentzat, eta arraunarena arraunarentzat. Horrela nahiko ondo funtzionatu genuen.
Esan izan da kluba modu pertsonal batean kudeatu duzula. 'Jefe' deitzen zizuten batzuek, brometan bazen ere.
Ni jefea ez naiz inoiz kontsideratu eta hemen atea beti egon da zabalik denontzat. Gauzak ez dira esan behar; hona etorri eta lan egin behar da. Hor esaten den guztia kontua da. Erribera kalean bi ardo edanez gero… Esaten dituzten gauza horiei kasurik ere ez zaie egin behar. Baina barrura heltzen dira. Eta segun zeinek esaten dituzten, are eta gehiago. Ezer egiten ez duenak ez du inoiz hutsik egiten, baina jardun ikaragarri egiten du.
TKE ligan egotea asko kostatzen dela esaten da. Merezi al du han jarraitzea?
Merezi du, bai. Babesleen dirua jaso nahi bada, hor segi behar da. Bestela jai dago. Telebistarik ez badago, jai dago. Eta gaur egun egoeran oraindik gehiago. Lehen mailan egotea gurea bezalako klub batentzat gauza handia da. Gastua ere bai, handia da, baina han egoteak berak ekartzen du dirua.
Asko aldatuko zen arrauna denbora honetan.
Asko. Beldurgarri. Garai hartatik hona dena aldatu da: materiala, arraunak, traineruak, arraunlarien prestatzea…Dena joan da hobetzen.
Substantzia arraroak ere azaldu dira arraun munduan.
Armairuak ireki eta ikusiko duzu zer dagoen. Ez dugu sekula izan [halako sustantziarik] eta ni hemen nagoen bitartean ez da izango. Ez dut uste hemen halako pentsamendurik sekula egon denik, sekula ere ez! Jende arraroa beti egoten da tartean. Gero etortzen dira etortzen diren gauzak eta pentsatzen da denok berdinak garela. Eta hori ez da horrela; denak ez gara igualak. Oso diferenteak gara. Irabazi behar da, bai, baina 'naturalezarekin'. Garenak baino gehiago egiten ez gara aritu behar, horrekin pertsona izorratu besterik ez da eta egiten. Orain ederki arituko dira, baina hemendik hamar edo hamabost urtera ikusiko dugu nola dauden.
Azken urteetan arrauna gertakarien orrietan ere ikusi izan dugu. Ez zen ba polita izango.
Hori oso txarra izan zen. Eta hori ez gertatzeko onena da garbi ibiltzea. Bere bitaminak edo eman behar diren gauza naturalak eman, eta kito.
Arrauna asko aldatu bada ere, harrobia lantzen jarraitzen duzue.
Gure lana hori da eta komeni zaigu, gainera. Gurea bezalako klub batek diru gutxi mugitzen du eta komeni zaigu harrobia lantzea. Orain bertan hogei arraunlari ditugu eta hiru patroi, eta denak harrobikoak, bat izan ezik, kanpokoa bera, baina propio kontsideratu daitekeena hemen bospasei urte doalako. Hori izugarria da eta mantendu behar da. Arraunlari onak baditugu eta beste une batean litekeena zen beste klubak haien bila etortzea. Baina, diru gutxi dago aurten arraun munduan eta hori guretzat abantaila izan daiteke, ez direlako etorriko. Harrobia lantzeak lan asko ematen du, baina derrigorrez egin beharreko lana da.
Azken urte hauetan arraun munduan izan den iraultzarik handiena, eta Zumaiari pozik handienak eman dizkiona, emakumezkoen parte-hartzea izan da.
Gu urte asko goaz emakumeekin arraunean. Gogoan dut Asturiasen Espainiako txapelketa batean ere izanak garela orain urte dezente. Trainerua Getariarekin atera genuen lehen urtean. Gero pixkanaka jendea inguratzen hasi zen eta horrela lortu genuen trainerua ateratzea. Iaz asko sufritu zuten beraiek ere, denboraldia hastear zegoela oraindik taldea osatzeko zegoelako. Harrigarria izan zen gero ikustea zer lortu zuten. Pentsatzen zuten agian ez zirela sailkatuko Euskotren ligara.
Pentsatzen al zenuten emakumezkoen arrauna sendotuko zenik?
[Irribarreka] Bueno, emakumea oso gauza berezia da, oso diferentea. Barkatuko didate emakumeek, baina hori hala da,beraiek ere onartzen dute. Iaz asko sufritu zuten, baina denboraldi honetarako azarotik ari dira prestatzen. Seriotasunarekin ari dira eta poza ematen du horrek. Gauzak ondo egiten badira, pozak emango dizkigute aurten. Espero mutilekin ere hala gertatuko dela, mailan mantenduko direlakoan nago.
Bien kasuan helburuak desberdinak izango dira.
Emakumeena errazago ikusten dut, estropadak eta klubak gutxiago direlako. Mutilak asko ari dira saiatzen eta lan oso ona egiten ari dira. Poz pixka bat emango digutelakoan nago. Eta ez mantentzeagatik bakarrik; sailkapenean gorago ere ibiliko direla espero dut.
Bigarren txandan agian?
Igual, igual. Ikusiko dugu besteak nola aritzen diren. Hauek ilusio handia dute, traineru berria ere bai, eta hor buruak lan handia egiten du. Ontzia hamahiru bat kilo arinagoa da, segundo batzuk ere irabaziko ditugu ziabogetan platanituarekin… hori dena gehitzen bada ilusioarekin egoteko moduan gaude.
"Nik ez nuena nahi zen edozein pertsona etortzea hona, nahiz eta askatasun guztiarekin etortzea duen, zuzendaritzan jartzea eta hainbeste urtetan egindako lana kaka eginda uztea"
Emakumeei esker lortu dugu berriro Kontxarekin ilusionatzea.
Bai, ilusio hori badago. Zumaiako jendea beti joan da Kontxara, baina herriko ontzia egonez gero, oraindik gehiago. Ea mutilek zerbait egiten duten aurtengoan. Nik esperantza pixka bat badut. Esaten didate zeharo positiboa naizela eta zoratuta nagoela. Zoratuta egongo naiz, baina hala ikusten dut.
Klubeko zuzendaritza aldatu berri da. Talde berria osatzen duten lagunak orain bi urte sartu ziren. Nola ikusi zenuen aldaketa hori?
Orain lau urte esan nuen ez nuela inongo arazorik eta nigatik ez kezkatzeko. Esan nien ni prest nengoela goian (bulegoan) edo behean lan egiteko. Hainbat telefono dei jaso ditut azken egunetan eta esan diet bazela aldatzeko ordua. Eta egia da. Nik ez nuena nahi zen edozein pertsona etortzea hona, nahiz eta askatasun guztiarekin etortzea duen, zuzendaritzan jartzea eta hainbeste urtetan egindako lana kaka eginda uztea. Hori ez nuen nahi. Orain dagoen jendeak, presidente berri honek, badaki zer den arrauna eta horrekin gustura nago.
Zer pentsatu zenuen zuzendaritza berria osatzen duten kideek esan zizutenean ez zutela zurekin kontatzen talde berrirako?
Lasai nengoen. Esan nien beraiei: “nirekin ez duzue inongo arazorik izango”. Ordezkaritza lanak eman dizkidate. Estropadetan tentsioan egoten naiz kronometroarekin edo talkie-arekin entrenatzaileari gauzak esaten, eta telebistakoak etortzen direnean kasu egin behar izaten zaie, eta dena bertan behera laga behar izaten da. Bakarrik joaten nintzenean nik atera behar izaten nuen, baina azkenekoetan jende gehiago joaten zenez, (bi lagunek dute ordezkarien tokian egoteko aukera) besteek hitz egin zezaketen telebistako kamera aurrean. Nahiago gainera. Esaten didatena egingo dut. Hau dagoela konpontzeko, hau ekarri behar dela, hura egin behar dela, gasolina ekarri behar dela. Beraiek nahi duten guztia egingo dut. Gero, esaten badidate hau ezin dudala egin eta beste hau egin behar dudala? Ados, batere arazorik gabe.
Zer eman dio Goikok klubari?
Borondate guztia eta ahal dudan guztia. Kluba aurrera atera nahi izan dut beti eta egin dudan lan guztia klubarentzat izan da. Batzuek ez dute hori pentsatuko, baina… Nik etxerako ez dut ezer ekarri, dena klubarentzat izan da. Gauza bat ekarri, bestea eskatu, horrela ibili gara urte askotan. Baina ez ni bakarrik. Hor izan dira Anjel Mari, Bixente, lehen Tino ere bai, Patxi txofer, Manuel… Horiekin ondo konpontzen naiz eta lanak ahal dugun hobetoen egin ditugu. Ondo ez dut esango, hori ez dago eta esaterik. Ahal den ondoen. Egindako lana batzuek eskertu egiten dute eta horrek poza ematen dizu.
Eta klubak Goikori?
Disgustu asko. Pozak bai, asko, baina disgustuak ere bai. Baina hori kluba zer denaren barruan sartzen da. Horiek ere pasa behar izaten dira hemen, eta isilik gainera. Eta hala egin behar da, zer hitz egiten hasten bagara hemen… jai dago!
Lanetik klubera, estropadak, bilerak Federazioan… Etxean ikusten al zintuzten?
Gutxi. Andreari ere eskerrak eman beharra dago, zeren hainbeste urtetan izan duen aguantea ez da txikia izan. Tailerretik irten eta ia etxetik pasa gabe askotan joan behar izan dut bileretara. Halako asko izan dira. Batera eta bestera kotxea hartuta. Orain gutxiago izango dira, baina hala ere ez dut etxean denbora asko pasako. Ez dut etxean denbora asko pasatzen normalean. Jaietan bai, jaietan partiduak ikusi eta lasai egoten naiz etxean. Baina bestela, estropadak badira, estropadak du lehentasuna. Horretan andreak asko aguantatu du, asko.
Amaitzeko, noiz moztuko duzu berriro bizarra?
Mutilak Kontxan sartzen direnean. Kontxan sartzen badira bizarra moztuko dut.