Garaipen eta porrot banarekin itzuli dira Zumaiako klubeko boxeolariak Bergaratik

Maddi Txintxurreta

Zumaiako klubeko boxeolariak, Magnevy entrenatzailearekin. (Utzitakoa)

Unai Anacabek borrokaldia irabazi zuen, eta galdu egin zuen Iñaki Lopek. Taldeak Sestaoko Bizkaiko Open Txapelketan du hurrengo erronka.

Garaipen eta porrot banarekin itzuli dira Zumaia Cuban Boxing klubeko boxeolariak joan den larunbatean, hilak 17, Bergarako (Gipuzkoa) frontoian egindako lehiaketatik. Elite mailan lehiatu ziren Unai Anacabe zein Iñaki Lope.

Anacabek garaipena erdietsi zuen 68 kiloko kategorian, eta Lopek galdu egin zuen 70 kilokoan. Unai Anacabek borroka ikusgarria egin zuen. Aurkariak gogor egin bazion ere, Anacabek lehiaketaren erritmoa kontrolatu zuen. Bestalde, lan ona egin zuen Iñaki Lopek, baina ez zuen borrokaldia irabaztea lortu. 

Zumaia Cuban Boxing taldeak zorionak eman dizkie bi kirolariei erakutsitako mailagatik, eta lanean jarraituko dutela berretsi du. Hain zuzen ere, klubeko ordezkariek begiz jota dute erronka: asteburuan Bizkaiako Open Txapelketa jokatuko dute Sestaon. Jared Chavarriak gazte mailako 60 kiloko kategorian parte hartuko du eta Jesus Magnevyk elite mailako 60 kilokoan.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide