11 eta 16 urte bitarteko neskei (eta hilerokoa izan dezakeen edonori) zuzendutako hilekoaren inguruko tailerra antolatu dute elkarlanean Zumaiako Emakumeon Etxeak eta Gaztetxolak. Hilekoaren zikloa gertutik ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta bizipenak konfiantzazko eremu batean elkarbanatzeko gune bat eskaintzea da ekimen horren helburu nagusia.
Hilerokoaren zikloaren inguruan elkarrekin ikasten izeneko tailerra bi saiotan banatuko da; biak ala biak arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara eskainiko dituzte. Lehenbizikoa azaroaren 6an egingo dute Emakumeon Etxean, eta bigarrena azaroaren 13an Gaztetxolan. Ara! Gorputz kooperatibako Ione F. Zabaleta eta Enara I. Dominguez arduratuko dira saioak dinamizatzeaz.
Topaketetan hilekoaren zikloaz, norberaren bizipenez eta premiez arituko dira, parte-hartzaileen zalantzei nahiz beldurrei erantzunez. Horrez gain, zikloaren erregistroa egiteko tresna praktikoak ere banatuko dizkiete parte hartzaileei.
Tailerrean parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da, eta azaroaren 3an amaituko da horretarako epea. Izen-ematea aurrez aurre egin daiteke Gaztegunean nahiz Emakumeon Etxean, baita posta elektronikoz ere, gazteguneazumaia@gmail.com zein info@zumaiakoemakumeonetxea.eus helbideetara mezu bat bidaliz.