Gogor salatu dute Angeluko neska gaztearen heriotza

Onintza Lete Arrieta

Euripean elkartu ziren atzo herritarrak Saregilen protesta egiteko. (utzitakoa)

Atzo iluntzean elkarretaratzea egin zuten herritarrek Saregile plazan, Mugimendu Feministaren eta udalaren deiari erantzunez. 

Joan den ostiralean bere buruaz beste egin zuen 19 urteko neska batek Angelun (Lapurdi), gizon batek bortxatu zuela salatu eta egun gutxira. Heriotza hori salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan, tartean atzo iluntzean Zumaian, Mugimendu Feministak deituta. Udalak ere bat egin zuen deialdiarekin. 

Elkarretaratzea 19:00etan egin zuten, ohi bezala, Saregile plazan, eta euripean elkartu ziren herritarrak. Amaieran irakurri zuten idatzian, azpimarratu zuten gertakari honek "indarkeria matxistak emakumeen bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzera behartzen" duela gizartea, eta agerian uzten duela "indarkeria horren adierazpenak eta ondorioak aztertzeko beharra".

Erakundeak eta gizonezkoak interpelatzearekin batera, argi utzi nahi izan zuten emakumeak ez direla biktimak, "subjektu politikoak" baizik. "Autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikitzea da. Emakumeon bizitzak eta ongizatea erdigunean jartzen dituen gizartea eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei erantzuteko gai izango dena". Horregatik, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dutela ziurtatu zuten, "emakumeen askatasuna eta bizitza duina defendatzeko". 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide