Fatih Akin zuzendariaren La isla de Amrum filma proiektatuko dute gaur, 19:00etan, Zumaiako Aita Mari aretoan, Ostarrena zine klubak antolatutako zineforum saioaren barruan.
Filmaren istorioa 1945eko udaberrian kokatzen da, Bigarren Mundu Gerraren azken egunetan, Hirugarren Reich-aren kolapsoarekin batera. Alemaniako iparraldeko Amrum uharte bakartian bizi da Nanning, 12 urteko mutikoa. Aita frontean dela eta haren itzuleraren zain dagoela, Nanningek gogor egin behar du lan etxekoak elikatzeko: foken ehizan eta inguruko nekazaritza lurretan lanean aritzen da. Bakea iristean, ordea, ezusteko tentsio, sekretu eta gatazka berriak azaleratuko dira uharteko komunitatean.