Alderaketak egiten hasita, begi-bistakoa da kultura arras desberdinak direla Txileko eta Argentinako maputxeena, Boliviako kitxuena eta Euskal Herrikoa. Herri horien hizkuntzei begiratuta, beste horrenbeste esango dute adituek. Hizkuntzen egoerari erreparatutakoan hasten dira antzekotasunak eta konplizitateak. Hala iritzi diote, behinik behin, Lina del Rosario Ancan maputxeak eta Elutzman Zunagua kitxuak. Badakite, beraienak bezala, euskara ere hizkuntza gutxitua dela, eta euskara ere jazarria eta gutxietsia izan zela gaztelaniaren mesedetan. Bestalde, euskarak arlo askotan duen babesa eta hizkuntzaren inguruan sortutako azpiegiturak "eredugarritzat" dituzte.
Garabide elkarteak antolatuta, hitzaldia eskaini zuten Ancanek eta Zunaguak astearte arratsaldean Zumaian, Oxford aretoan, eta arlo ugari izan zituzten hizpide. Hizkuntzak Biziberritzeko IV. Formazioaren harira daude Euskal Herrian. Sei asteko egonaldia egiten ari dira, beste hizkuntza gutxitu batzuetako kideekin batera, eta "esperientzia eta indarrez gainezka" itzuliko dira beraien komunitateetara.
Eskola borrokaleku
Irakasleak dira Ancan eta Zunagua, eta horregatik, "txundituta" gelditu dira ikastolen hezkuntza ereduakin, Euskal Herrian egiten ari diren egonaldian horietako hainbat bisitatzeko aukera izan baitute. Bai txiletarrak, bai boliviarrak, etxetik jaso zituzten mapuzugun eta kitxua hizkuntzak.
Ancan Txileko kostaldekoa da, Teodoro Schmidt herrikoa,. Hitzaldian azaldu zuen haur txikien eskola batean lan egiten duela eta lan horretan hasi zenean hartu zuela benetan kontzientzia bere ama hizkuntzaren garrantziaz. "Etxean beti entzun nituen gurasoak mapuzugunez hizketan elkarri, baina nik gaztelaniaz hitz egiten nuen, eta nerabezaroan nire ama hizkuntzaz lotsa sentitzera iritsi nintzen. Haurrekin nengoela konturatu nintzen nahi niela gure hizkuntza erakutsi, gure kultura transmititu. Eta orduan, erdi galduta neukan hizkuntza berreskuratzen hasi behar izan nuen", kontatu zuen. Eremu geografikoaren arabera, mapuzuguna indartsuago edo ahulago dago. Bere komunitatea, esaterako, "txikia baina kulturalki aberatsa" dela uste du Ancanek, eta lan egiten duen eskolan irakasleek badute aukera umeei maputxeen kultura transmititzeko. "Borroka asko egin ondoren", Txileko Hezkuntza Ministerioak onartu egin die hezkuntza alorrean beren kultura jasotzen duten sei plan eta programa txertatzen, baina soilik lehen hezkuntzan irakatsi dezakete mapuzuguna, eta soilik astean bi orduz.
Zunaguak antzeko egoera deskribatu zuen kitxua hizkuntzak Boliviako hezkuntza sisteman duen trataeraz. Azaldu zuen herrialdeko bederatzi departamenduetatik hiru direla ketxua kulturakoak, eta eskoletan astean soilik 40 minutuz aritu daitezkeela beren hizkuntzan. Irakasleen kontzientziaren gain gelditzen omen da beren hizkuntza eta kultura transmititzea. "Irakasle batzuek badute kontzientzia, eta kitxuaz ematen dituzte eskolak. Beste batzuek, ez", kontatu zuen.
Politikek baldintzatuta
Familia batzuek eutsi diote hizkuntzari, baina beste batzuetan etenda dago transmisioa; aiton-amonek ez zieten erakutsi seme-alabei, eta horiek ez dute ahaleginik egiten hurrengo belaunaldia beren kulturan hezteko. Egoera horiek ez dira berez sortzen, ordea, Zunaguak azpimarratu zuenez. "Urte askoan zigortu eta gutxietsi izan dituzte gure hizkuntza eta kultura, eta herritar askok oraindik barneratuta daukate beldur hori".
"Maputxe askok etsi egin dute, ez dute sinesten gure hizkuntza etorkizuneko hizkuntza izan daitekeenik", aitortu zuen irakasle maputxeak. Zunaguak, berriz, argi du ez dela erraza "zigorraren psikologiari" buelta ematea, baina 2004. urtea mugarritzat du. "Aurreneko aldiz, presidente indigena bat eduki zuen Boliviak 2004an, Evo Morales, eta gure hitzkuntzari eta kulturari prestigioa eta balioa itzuli zizkien". 2009an, esaterako, estatuak onartu zuen 36 hizkuntza dituela herrialdeak. 2026an, ordea, bestelakoa da egoera politikoa Bolivian, eta hori kitxua herriarentzat eta beste komunitateentzat kaltegarria dela uste du. "Berriz eskuina etorri da; haiek zapalduak nahi dituzte gure hizkuntzak eta kulturak", esan zuen, gordin.
Txilen ere boteregune batzuk ez dituzte lagun maputxeek. Hitzaldiaren amaieran herritar batek egindako galderari erantzunez, Ancanek kontatu zuen duela bost urte konstituzio berri baten inguruko bozketa izan zela, baina komunikabideek nahita "nahasmena sortu" zutela, eta azkenean, ez zela aurrera atera maputxeentzat onuragarria izan zitekeen legedia berria.
Begirada epe ertainean
Nuevos Brotes (kimu berriak) deitzen da Ancan lanean ari den hezkuntza proiektua. Estatuko erakunde batek kudeatzen duenez, autonomia gehiago nahi luke, "maputxeok harreman oso estua dugulako ama lurrarekin, eta asko mugatzen gaituztelako arlo horretan". Uste du "lan eta sakrifizio asko" egin beharko dutela autonomia hori eskuratzeko. Helburua horixe du, ordea: "Nahiko nuke, euskaldunok egin duzuen gisan, maputxeok elkartuko bagina eta erabat autonomoa den zentro bat sortuko bagenu". Argi du ez dela epe motzeko kontua, eta "hogei urte barrura" begira jarri da.
Zunaguak, berriz, erronka bota die herrikideei: "Gure hizkuntza dakitenei erronka botatzen diet, borrokatu dezaten. Pixkanaka hiltzen ari da, eta ez dugu hilzorian mantentzerik nahi, bizi-bizi baizik". Kidea bezala, etorkizunaz aritu zen kitxua: "Zuek [euskaldunak] ere gaizki zeundeten duela 40 urte, eta begira zenbat lortu duzuen. Beraz, nik ere 40 urtera begiratuta jarraituko dut lanean, eta ni ez nagoenean, ondorengoek jarraituko dute".