Azaroaren 11ko greba orokorra antolatzeko helburuarekin, asanblada irekia deitu du biharko, asteazkena, LABek. 19:00etan egin du hitzordua, Alondegiko Arranpla gelan.
Azaroaren 11an soldata baxuen eta etxebizitzaren garestitzearen kontra mobilizatzera deitu du LABek, Euskal Herriko langileen prekarizazioa eta pobretzea eragiten dutenez gero. Halaber, eskuin muturrak sustatzen duen agendari aurre egiteko tresna gisa ulertzen du LABek greba orokorra.
Grebaren bidez, soldatei eta etxebizitzari lotutako neurri zehatzak hartzea eskatuko die sindikatuak EAEko nahiz Nafarroako gobernuei: batetik, 2026rako Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko 1.500 euroko soldata propioa ezartzea, erosahalmena bermatzeko igoerak adostea, soldata arrakalarekin amaitzea eta lanaldi murrizketak bultzatzea. Bestetik, etxebizitzaren alokairuen prezioak jaistea, merkatuan esku hartzea, kontratu mugagabeak bermatzea, etxegabetzeak zein espekulazioa amaitzea, funts putreak Euskal Herritik kanporatzea eta etxebizitza parke publikoa handitzea.
Grebaren antolakuntzan parte hartu nahi duten baina asanbladara joateko aukerarik ez duten herritarrei etxebizitza@lab.eus helbidera mezu bat idazteko eskatu die LABek, biharkoak emango duenaren berri izan dezaten.