Paul Urkijoren 'Hiru olatuak' filma grabatuko dute egunotan Zumaian

Maddi Txintxurreta

Paul Urkijo aktoreei aginduak ematen, 'Hiru olatuak' filmaren grabaketako une batean. (Atera films)

Zinemagilearen laugarren luzemetraiaren eszenatokietako bat izango da Zumaia. Bihartik ostiralera bitartean, herriko puntu desberdinetan egingo dituzte grabaketak, Talaipen eta Erribera kalean, besteak beste.

Paul Urkijo zinema zuzendariaren Hiru olatuak pelikularen grabaketa lanak egingo dituzte bihartik ostiralera Zumaian. Errementari, Irati eta Gaua pelikuletan ez bezala, zuzendariak istorio garaikide bat landuko du bere laugarren lan luzean, eta itsasoaren botere paganoa eta arriskutsua azalduko ditu filmean.

Iñigo Aranbarri (Isaac) eta Fariba Sheikhan (Marta) dira filmeko protagonista nagusiak, eta haiekin batera arituko dira Urko Olazabal, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Karmele Larrinaga, Belen Cruz, Iñake Irastorza, Goize Blanco, Elias Garcia eta Mikel Losada.

Bada, aktore horiek eta pelikulako gainontzeko lantaldea Zumaian lanean ariko dira egunotan. Grabaketako lanak herriko bi gune nagusitan kokatuko dira. Batetik, Talaipe zaharrean filmatuko dute bihar, 12:00etatik 22:00etara. Bestetik, Erribera kaleko 4. zenbakian arituko dira ostegunean (10:30etik 20:30era) eta ostiralean (09:00etatik 19:00etara) .

Gainera, ekoizpen-taldeak herriko hainbat espazio publiko erabiliko ditu logistika lanetarako. Ibilgailuen flota Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuko da, talde elektrogenoa Ignacio Zuloaga enparantzan jarriko dute, eta Torreberri gaztetxeko hainbat espazio erabiliko dituzte prestaketa lanetarako.

Hiru olatuak filmak Isaac-en istorioa kontatuko du. 40 urteko gizona haren aitaren heriotzaren amesgaiztoek eta obsesioek oinazetuta bizi da, eta aita berriro agertu dela jakitean, bere jaioterrira itzultzea erabakiko du, Martarekin batera. Itsasoko sorginei eta arrantzaleei lotutako euskal kondaira zahar batek iragana aurrez aurre jarriko dio, eta familiaren, beldurren eta obsesioaren arteko gatazkan murgilduko da. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide