Bigarrenez, bertako kultura eta tradizioa berpiztuko ditu Gau Beltzak

Maddi Txintxurreta

Lagun talde bat iaz, Gau Beltzerako propio trapu zaharrak jantzita.

Herriko bi ikastetxeetako guraso elkarteek antolatuta, Gau Beltza ospatuko dute ostiralean Zumaian. Etxeko trapu zaharrekin janzteko eta kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei.

Arbasoen ohitura zaharrek berpiztera egingo dute ostiralean Zumaian, Euskal Herriko tradizioa eta kultura berreskuratzea helburu, Zumaiena ikastolako eta Herri Eskolako guraso elkarteek iaz antolatu zuten lehenengo aldiz Gau Beltza, eta halaxe egin dute aurten ere, udalaren zein herriko hainbat kultur eragileren babesarekin.

Kaleak iluntzen direnean, 18:30etatik aurrera, abiatuko da guraso elkarteek prestatutako egitaraua. Udaletxean aurpegien margoketa egingo dute, izan ere, usadio zaharren arabera, garai batean herritarrek aurpegiak estaltzen zituzten,  hildakoek ez zitzaten harrapatu eta haiengana eraman. 

Bestalde, 19:30etik aurrera, kalejiran abiatuko dira Arritokieta kaletik, eta alde zahar ilunean murgilduko dira. Ospakizuna girotzeko, adar joleak, bertsoak, dantza, musika eta gaztaina erreak egongo direla iragarri dute antolatzaileek, eta herritarrei eskatu diete etxeko trapu zaharrekin jantzita kalera ateratzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide