Gipuzkoako Elikagaien Bankuak azaroaren 13an eta 14an egingo du 2026ko Bilketa Handia, eta Zumaian presentzia zabala izango du eragile horren urteko elkartasun kanpainarik garrantzitsuenak: Eroski Alai, Eroski Ardantzabide, Eroski Foru Enparantza eta BM Ardantzabide saltokietan egingo dute bilketa.
Herritarrek galkorrak ez diren elikagaiak eman ahal izango dituzte bertan aipatutako saltokietan, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, bereziki beharrezkoak diren produktuen artean daude lekaleak, kontserbak, olioa, gailetak, pixoihalak eta haurrentzako produktuak.
Laguntzeko beste bide batzuk ere jarri dituzte aukeran. Alde batetik, bonuak izango dira eskuragarri, onuradunek une bakoitzean behar dituzten elikagaiak erosteko aukera izan ditzaten. Bestetik, dohaintza zuzena egiteko aukera izango da, Bizum bidez.
Zumaian, Darahli, Caritas, Hospitalidad de Lourdes eta Nagusilan taldeeak ari dira janari bilketa antolatzen, baina eragile horiek adierazi dute boluntario gehiago behar dituztela txandak osatzeko eta bilketa ondo bideratzeko. Parte hartzeko prest dauden herritarrek nagusilanzumaia@gmail.com helbidera idatz dezakete.