Bi ikasturte daramatzate elkarlanean Zumaia BHI institutuak eta Zumaiena ikastolak helburu argi eta partekatu batekin: nerabeen artean euskararen erabilera sustatzea. Zumaiako Udalarekin batera ari dira, eta Emun aholkularitza enpresaren laguntza teknikoarekin. Gazteen hizkuntza kontzientzian, hizkuntza asertibitatean eta eguneroko hizkuntza ohituretan eragin nahi dute Taosatik Paolera izeneko egitasmoaren bidez. Zertarako? Bada, "gazteak euskaraz bizitzeko hautuan ahalduntzeko eta herriko hezkuntza komunitatean hizkuntzen inguruko lanketa sustatzeko".
Proiektua 2022-2023 ikasturtean hasi zuten, eta argi dute ez daukala amaiera eperik: alderantziz, bi ikastetxeek erabaki dute proiektua beren lan dinamikan txertatzea, zerbait transbertsala eta sistematikoa izan dadin. Proiektuaz arduratzen ari den irakasle taldeari begiratu besterik ez dago: hainbat irakasgai ematen dituzten profesionalak ari dira gaia lantzen, ez soilik Euskarakoak. Eta lanketa ere, hainbat irakasgaitan egingo dute –Gizarte, Euskara, Gaztelania, Matematika, Arte Hezkuntza eta Gorputz Heziketan, besteak beste–.
DBH 1etik DBH 4ra arteko ikasleekin soziolinguistika lantzeko lau proiektu didaktiko diseinatu, garatu eta pilotatu dituzte, eta material horiek ikastetxe bakoitzaren errealitatera egokitu dituzte, "irakasleen balorazio eta ekarpenak kontuan hartuta". Hain zuzen, irakasleekin ere lanketa egiten ari dira, haiei prestakuntza zehatza eskaintzeko.
Hori guztia zumaiarrengana zabaltzeko, prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean bi ikastetxeetako irakasleek, Iñaki Ostolaza alkateak eta Emuneko Eider Gurrutxagak.
Ostolazak udalaren izenean eskerrak eman nahi izan dizkie bi ikastetxeei eta irakasleei, "herri mailako erronka honi elkarrekin heltzeko erakutsitako prestutasunagatik eta egindako lanagatik".
Eta gaineratu du bere ustez DBHko urteetan ezartzen dituztela nerabeek kuadrillan hartuko dituzten hizkuntza ohiturak, alegia, lagunen artean euskaraz ala gaztelaniaz komunikatuko diren. "Ohitura horiek betirako gelditzen dira, eta beraz, proiektu hau adin horretako gazteekin egitea benetan garrantzitsua da", adierazi du.
Erronka nagusiak
DBH 1erako eta DBH 2rako proiektuak Zumaienan gidatu dituzte eta DBH 3rako eta DBH 4rako proiektuak Zumaia BHIn, eta azaldu dute "erronka nagusia" dela ikasturte honetan eta hurrengoan lau proiektuak bi ikastetxeetan probatzea eta finkatzea.
Horrez gain, datozen bi ikasturteetan, udalaren eta ikastetxeen arteko lankidetza sendotzen jarraituko dute, eta orain arte sortutako materialak sistematizatu eta ikastetxeetan errotzeko lanean jardungo dute. Ikasleekin soziolinguistika saioak egiten eta irakasleei prestakuntza eskaintzen ere jarraituko dute.