Urriaren bigarren asteburuan Itzurun hondartzan jaso zuen ezohiko zabor kopuruaren berri eman zuen herritar batek Zumaia Guka atarian, eta hark bildutako hondakinen irudiek Euskal Kostaldeko Geoparkeko kideen arreta bereganatu zuten. Zehazki, zabor pilaren artean nabarmentzen ziren koloretako plastikozko hodi mehar batzuek. Zer ziren jakin nahian, mundu mailan ozeanoen babeserako lan egiten duen Surfrider fundaziora bidali zituzten argazkiak, eta horrela lortu zuten zalantza argitzea: detonagailuen zatiak direla erantzun zieten.
Itzurun hondartzan agertutako hondakinen argazkiak jaso zituztenean, "Europa osoko Surfriderreko boluntarioek eta langileek osatzen duten WhatsApp taldera bidali genituen; horixe egiten dugu hondartzetan azaltzen den hondakinen bat ezezaguna zaigunean", esplikatu du Maria Ballesterosek, fundazioaren Espainiako Estatuko Hezkuntza eta Boluntariotza arduradunak. Horrela ebatzi zuten koloretako hariak talka hodien plastikozko kable zatiak zirela; ez hori bakarrik, duela bi urte Europako iparraldean material hori bera azaldu zela jakin zuten. "Esan digute Europako iparraldeko zenbait hondartzatan ohikoa dela horrelakoak aurkitzea. Hemen ere azaldu izan dira noizbait, baina hainbeste hain denbora gutxian... Arraroa da", ebatzi du Surfriderreko kideak. Hark baieztatu duenez, Zumaian bakarrik ez, euskal kostaldeko beste leku batzuetan ere aurkitu dituzte detonagailuen zatiak, besteak beste, Sopelako (Bizkaia) Atxabiribil hondartzan. "Nik neuk, Sopelako hondartzara jaitsi nintzen egunetako batean, pila bat bildu nituen", ziurtatu du.
Bestalde, aipatu du fundazioaren Galiziako kideek detonagailuak osorik aurkitu izan dituztela hondartzetan, talka hodi eta guzti.

Nondik ote datoz?
Lortu dute argitzea, beraz, Itzurunen azaldutako kableak detonagailuen zatiak direla. Ez dakitena da zein den zabor horren jatorria, ezta zergatik iritsi den hainbeste euskal kostaldera horren denbora gutxian. "Gure hipotesi bakarra da obrak egiten ariko direla nonbait, baina ez dakigu non. Portuetan eta uretan obrak egiten direnean ohikoa da detonagailu horiek erabiltzea, eraispenerako edo dragatzeetarako", agertu du Ballesterosek.
Zalantza sortzen dio, hala ere, kableak Itzurunen eta Sopelan ia aldi berean azaltzeak: "Elkarren artean urruti dauden hondartzetan agertu dira, beraz, horrek ez digu detonagailuen jatorriari buruzko pistarik ematen. Noski, itsasoko korronteek ere dena zailtzen dute, edonondik etor daitezke. Baina lanean gabiltza, ea detonagailuen jatorria aurkitzen dugun", esan du.
Bizkaitarrak nabarmendu duenez, hondartzetara iristen den zaborra nondik datorren identifikatzea oso garrantzitsua da, soilik horrela lor baitaiteke ozeanoak eta kostaldea kutsatzen dituzten hondakinen iturria geldiaraztea. Hala eta guztiz ere, detonagailuen zatien kasuan, aitortu du ez dutela datu askorik nondik etor daitezkeen jakiteko.
Alta, Surfrider fundazioko kideak zineztu du lanean segituko dutela, eta azpimarratu du Itzurunen lur hartu duten koloretako harien jatorria ezagutu ahal izateko ezinbestekoa dela herritarren laguntza. Hori dela eta, herritarrei galdegin die detonagailuak ikusiz gero Surfriderrekoei sare sozialen bidez abisua ematea.