Lastargien epelean ospatu dute Gau Beltza

Maddi Txintxurreta

Bertako kulturan eta antzinako ohituretan oinarritutako Gau Beltza ospatu dute gau Zumaia. Kalejiran abiatu dira Arritokieta kaletik eta dantzan, kantuan eta bertsotan aritu dira Alde Zaharrean zehar.

Bigarren aldiz, herriko bi ikastetxeetako guraso elkarteek indarrak batu dituzte urriko azken eguna Euskal Herriko antzinako ohituren eta kulturaren arabera ospatzeko, eta proposamenak arrakasta izan du beste behin. Haur eta gaztetxo ugari batu da Gaul Beltzerako antolatutako ekimenera, aurpegiak margotuta eta etxeko trapu zaharrak jantzita.

Eguna iluntzen hasterako elkartu dira haurrak eta gaztetxoak Arritokieta kalean, eta Alde Zaharrean zehar ibili dira kalejiran, lastargiez inguratua. Ibilbidean zehar, bertsolariak, dantzariak eta adar jotzaileak aurkitu dituzte, eta gaztaina erreak janez amaitu dute kalejira.

Herrigunean soilik ez, Oikian ere ospatu dute Gau Beltza. Hain zuzen ere, auzoko eskolan elkartu dira haurrak, Gau Beltzeko jantziak soinean jarrita ospakizun horri lotutako hainbat tailer egiteko. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide