Udal eta foru hauteskundeak 2027

Iñaki Ostolaza ez da EH Bilduren alkategaia izango maiatzeko udal bozetan

Maddi Txintxurreta

Iñaki Ostolaza, Zumaiako alkatea. (EH Bildu)

Zortzi urteko agintaldia etengo du Iñaki Ostolazak. Egungo alkatea ez da EH Bilduren alkategaia izango datorren urteko maiatzeko hauteskundeetan. "Erreleboa emateko momentu egokia" dela adierazi du, baina ez du iragarri nor izango den koalizioaren zerrendaburua.

Bi legegintzaldiren ostean erreleboa emateko garaia dela sinistuta, Iñaki Ostolaza ez da EH Bilduren alkategai aurkeztuko 2027ko maiatzaren 23ko udal hauteskundeetan. 2019tik Zumaiako alkate izan denak sare sozialen bidez jakinarazi du bere erabakia, eta bozen ondotik herriko EH Bilduren mahai politikoko kide izaten jarraituko duela esan du.

Ostolazak gogoratu duenez, duela hogei urte Zumaiako ezkerreko alderdiak "aitzindariak" izan ziren "desadostasunen gainetik" elkarlana aukeratzen eta EH Bildu koalizio abertzalea sortzen. Bada, herriaren kudeaketa herritarrekin partekatua dela ulertuta, koalizioaren sorrerako egiteko moduari eutsi diola adierazi du alkateak, herritarrekin eta herriko eragileekin batera lan eginez. Berretsi duenez, elkarlan horri esker lortu dute zenbait proiektu aitzindari martxan jartzea.

Aitortu duenez, etxebizitzarena izan da udal gobernuaren "obsesioetako bat", eta larrialdiari erantzun asmoz martxan jarri dituzten neurriak azpimarratu ditu; besteak beste, alokairurako laguntzak zabaltzea, erabilera turistikorako etxebizitzei mugak ezartzea eta Aita Marin nahiz Puntanoetan alokairu babestuko eta erregimen tasatuko etxebizitzen promozioak sustatzea. Iragarri duenez, promozio hori ixtea izango da datorren legegintzaldiko "gai izarretako bat".

Ostolazak ez du argitu zein izango den alkategai berria, baina hari eta EH Bilduri laguntzeko prest egongo dela ziurtatu du. 

Honako hau da Iñaki Ostolazak kaleratu duen gutuna:

"Kaixo, lagun.

Mezu honen bidez jakinarazi nahi dut datorren maiatzeko hauteskundeetan ez naizela berriz alkategai izango.

Zortzi urte egin ditut alkatetzan, eta erreleboa ematen jakin behar dela pentsatu izan dut beti. Errelebo hori emateko momentu egokiena dela uste dut, eta horrela jakinarazi nien Zumaiako EH Bilduko mahai politikoko beste kideei.

Zortzi urteotan denetarik bizi izan dugu. Hasi eta berehala pandemia bat etorri zitzaigun gainera. Iniziatiba politikoa hartu eta, udala herritar eta eragileekin elkarlanean arituta, Zumaia eredu izan zen emandako erantzunetan.

Gauzak egiteko modu horri jarraituta, proiektu potoloak jarri ditugu martxan. Udala herritar eta eragileekin bildu, erabakiak eta proiektuen diseinuak elkarrekin adostu, proiektuak martxan jarri eta horien kudeaketa era partekatuan ulertu. Hor daude emaitzak, gaur egun Zumaiaren biziari ezinbesteko ekarpena egiten dioten espazioak.

Eraldaketa sozialarekin lotutako proiektuetan ere ausartak izan gara, kasu batzuetan aitzindariak ere bai. Ez dira beste lan asko bezain ikusgarriak izango, baina niretzat balio berezia dute, bidea erakusten dutelako.

Etxebizitzaren arazoa izan da gure obsesioetako bat. Arazoaren konponbidea soilik gure eskumenekoa ez dela jakin arre, gure eskuetan zegoena egiten tematu gara. Alokairurako laguntzak zabaldu genituen, erabilera turistikorako etxebizitzen zabalpena gelditu genuen, moratoria ezarrita eta Euskal Herrian aurrekari gutxi zituen araudi erregulatzailearen bidez.

Aita Marin eta Puntanoetan alokairu babestuko eta erregimen tasatuko ehunka etxebizitza eraikitzeko promozioa landu dugu Eusko Jaurlaritzarekin sei urte luzez. Gaur da eguna udalak eskatutako lan guztiak eginda dituena, eta promozioa ixtea jada erabat Jaurlaritzaren eskuetan dago. Hori izango da datozen urteotako gai izarretako bat.

Bide honetan talde zoragarria izan dut aldamenean. Luxu bat izan da ondoan izan ditudan pertsonak ezagutzea. Ez noa etxera, maiatzera arte buru-belarri jarraituko dut alkate, eta maiatzetik aurrera ere Zumaiako EH Bilduren mahai politikoko kide izaten jarraituko dut, EH Bilduk behar duenean laguntzeko prest.

Duela 20 urte Zumaian aitzindariak izan ginen EAJren ezkerrean geunden alderdi eta herritar ezberdinok adostasunak desadostasunen gainetik jartzen eta elkarlanaren bidea urratzen. EH Bildu da horren emaitza, erabat sinisten dut egin dugun bidean, eta harro nago bide horren parte izateaz. Etorkizunean ere horrela izango da.

Eskerrik asko zumaiar guztioi, herriaren alde lanean elkartuko gara".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide