Zaintza zerbitzuak eta elkargunea leku berean uztartzeko proposamena aurkeztu dute Torreagarako

Maddi Txintxurreta

Juntura kooperatibako eta Prebentzio Mahaiko kideek egindako bilera. (Zumaiako Udala)

Herriko zaintza beharrak asetzeko eta komunitatearen topaleku bilakatzeko asmoz, Zumaiako Udaleko Prebentzio Mahaiak eta Juntura kooperatibak Torreagaren erabilera eta aurretiazko diseinua aztertu dituzte. Zaintza zerbitzuak eta komunitatearen elkargunea espazio bakarrean integratu nahi dituzte.

Juntura kooperatibak Torreagako zaintza espazioaren antolaketa proposamena aurkeztu dio Zumaiako Prebentzio Mahaiari. Eraikinaren azterketa teknikoa egin, eragile desberdinekin elkarrizketak gauzatu eta zerbitzuen beharrak zehaztu ostean, proiektuaren aurretiazko diseinua eta aukerak kontrastatzeko bilera egin dute.

Herriko zaintza beharrei erantzutea eta auzokoen topagune bilakatzea da proposamenaren helburu nagusia, eta horretarako, zerbitzu desberdinak integratu nahi dituzte Torreagan, hala nola auzo-egongela, ludoteka, eguneko zentroa, sukalde komunitarioa, taberna eta gela balioanitza, oraindik zehaztu gabe dauden beste zerbitzu batzuekin batera. Azaldu dutenez, irisgarritasuna, erabilera-aniztasuna eta egongelaren izaera dira behin-behineko diseinuaren ardatz nagusiak.

Egongela harrera eta artikulazio gune nagusi gisa planteatu dute, zerbitzu desberdinen arteko lotura izateko. Azaldu dutenez, "etxe-girokoa, atsegina eta moldakorra den elkargunea sortzea" da helburua, herritarrek egoteko eta harremanak izateko aukera izan dezaten. Horrez gain, irisgarritasuna lehenetsi dute, orgatxoekin edo gurpil-aulkiekin eroso mugitzeko moduko espazio zabala proposatuz.

Egongelaren erabilera autonomoa ere aztertu dute, gainerako zerbitzuen funtzionamenduarekiko independentea izan dadin. Hala, taberna edo beste zerbitzu osagarri batzuk itxita egon arren, egongela erabiltzeko aukera egongo litzateke, kontsumitzeko beharrik gabe.

Bileran, halaber, gela balioanitzaren kudeaketa izan zuten aztergai, eta espazio hori erreserba bidez antolatzeko eta auzotarrek beraiek dinamizatu ahal izateko proposamena egin zuten. Horrekin batera, sukaldea, taberna, denda eta komun publikoa lokalaren banaketa orokorrean nola txertatu eztabaidatu zuten.

Proposamenak zaintza zerbitzuak eta komunitatearen erabilera eremu berean uztartzea aurreikusten duen arren, oraindik ez dute behin-betiko erabakirik hartu. 

Hurrengo urratsak

Azken kontraste saioan Juntura kooperatibak landutako zirriborroaren inguruan ekarpenak eta iritziak partekatu ahal izan zituzten parte hartzaileek. Hemendik aurrera, jasotako proposamenak aztertu eta ebaluatuko dituzte, beharrezko doikuntzak egiteko eta behin-betiko diseinua zehazteko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide