Batzuetan, txikitako istorioak historiaren ezinbesteko zatiak izan daitezke; bestetzuetan, oroimen soilak ez du memoria ehuntzen. Horregatik, 1937 eta 1939 urteen artean Jatsuko (Lapurdi) haurren kolonian izan zen amaren bizipenaren hari-muturrari helduta, 1936ko gerra garaian Manuel Intxaustik (Manila, 1900-Uztaritze, Lapurdi, 1961) eskuzabalki utzitako etxean babes hartu zuten gainontzeko umeen kontakizunak harilkatzen lagundu du Izaskun Angoitia Zarauzko bizilagunak (Eibar, Gipuzkoa, 1958), eta horri esker, Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea Kolonia (Jatsu, 1937-1939) liburuan jasota gelditu dira haien istorioak, historia hura.
Espainiako Gerra piztu zen unean, Angoitiaren aitona zena Bilboko Larrinagako espetxean preso zegoen, eta haren emazteak, zeina zortzi seme-alaben kargu baitzegoen, erabaki zuen hiru ume eta horien lehengusu bat Jatsura bidaltzea. "Oso egoera larrian zeuden. Haien aita Zeanuriko alkatea zen, abertzalea, eta kartzelaratu egin zuten", kontatu du Angoitiak. Zeanuritik alde egin zuten lau umeetako bat Arantza Goikoetxea zen (Zeanuri, Bizkaia, 1928), Angoitiaren ama.
Eusko Jaurlaritzak kudeatzen zituen ebakuazioetako batean, 1937ko ekainean 30 ume Habana itsasontzian abiatu ziren Santurtzitik (Bizkaia) La Pallice-ko portura (Arroxela, Frantzia), eta handik Jatsura eraman zituzten, autobusez. Gipuzkoako eta Bizkaiko 34 haurrek –horietako lau beranduago iritsi ziren– Manuel Intxaustik sortu, finantzatu eta kudeatu zuen Lurdes Euzko Aur-Etxean hartu zuten aterpe, Jatsuko Denis-Enea etxean.
"Ni sinistuta nengoen hau ez zela soilik gure historia, baizik Euskal Herriaren historia zela"
Izaera autonomoa zuen arren, Eusko Jaurlaritzaren menpe zegoen Jatsuko haurren kolonia. Ostatu, elikadura, erlijio, osasun eta irakaskuntza zerbitzuak eskaini zizkieten han Hego Euskal Herriko 34 ume haiei, eta gerratik salbu izan zituzten bi urtez. 9 urte besterik ez zituen Arantza Goikoetxeak etxetik eta familiarengandik urrundu behar izan zutenean, eta pentsatzekoa da ez zirela urte errazak izango harentzat. Hala ere, Jatsuko egonaldiko "oroitzapen oso politak" zituela segurtatu du Goikoetxearen alabak: "Noski, amaren oroitzapenak 9 urteko ume batenak ziren: itsasontzi handi batean eraman zituztela kontatzen zuen, eta oso ondo zaintzen zituztela kolonian: betaurrekoak ere ipini zizkioten! Haur guztien artean tapiz bat egin zutela kontatzen zuen, lauburu handi batekin, eta Tximista ere akorduan zuen, etxeko zaldia".
Azkenean, jasota
Jatsun izandako haurrek urteetan mantendu zuten harremana. Intxaustitarren Uztaritzeko (Lapurdi) familia etxean bizi da gaur egun Miren, Manuel Intxaustiren alaba, eta Jatsun adiskide egin ziren haurren arteko topaketak antolatu izan ditu berak hainbat urtetan. Haren ekimenari esker, Goikoetxea sarritan bueltatu zen Lapurdira, senarrak lagunduta lehenengo, eta hura zendu ostean, berriz, Koro eta Izaskun Angoitia alabekin batera. Gerora, Izaskunek jarraitu zuen Jatsuko kolonietakoen topaketetara joaten. "Hara joateko irrikaz egoten zen ama, intxaustitarrekin izugarri eskertuta egon izan da beti. Topaketak oso hunkigarriak izaten ziren, niretzat ere bai. Jatsun egondakoak aurrez aurre ezagutzeko aukera izan nuen, eta beraien artean zuten elkartasuna nabarmena zen. Egoera oso gogorrean bizi izan ziren bi urte haietan, eta oso harreman polita egin zuten beren artean. Koloniako istorioak gogoratzen zituzten, denbora hartan ikasitako kantuak abesten zituzten... Mirenek argazki pila bat ateratzen zituen, eta denboran atzera egingo balute bezala zen, kolonian izandako momentuak berriz bizitzen zituzten", kontatu du Angoitiak.
Amak transmititutakoaren eta Lapurdiko topaketetan ikusitakoaren muntaz kontziente zen Zarauzko bizilaguna, eta kezka eragiten zion Euskal Herriaren historiaren zati garrantzitsu hori behinola Lurdes Euzko Aur-Etxeko ume izan zirenen heriotzarekin lausotuko zela pentsatzeak. "Pentsatzen nuen: 'Hau gure oroimenean dago, baina hor geldituko da. Ez da posible, hau jaso egin behar da, testigantza horiek bildu behar dira'", ekarri du gogora.
Kezka horrek mugituta jo zuen Miren Intxaustirengana; batetik, sinisten zuelako koloniako haurren historia nolabait jaso behar zela, eta bestetik, ezinbestekoa iruditzen zitzaiolako Manuel Intxaustik egin zuen lan eskerga aitortzea. Liburu bat, dokumental bat... zerbait martxan jartzeko proposamena egin zion, eta ezezko zurruna eman zion bueltan Miren Intxaustik: "Hasieran, ez zuen entzun ere egin nahi. Zera esan zidan: 'Gure aitak hori guztia egin du, bai, baina ez dago erakusteko beharrik, egindakoa danbor hotsik gabe egin zuen'. Halakoa zen bere aita; umila, ez zitzaion gustatzen egiten zuena zabaltzea. Ni sinistuta nengoen, ordea, hau ez zela soilik gure historia, baizik Euskal Herriaren historia zela. Azkenean, Miren ere konturatu zen urteak aurrera zihoazela eta historia hori galtzeko arriskuan zela. Baiezkoa eman zidan".
Hura konbentzitu ostean, Jon Urutxurtu Zeanuriko historialariaren atea jo zuen, eta Jatsuko koloniaren nahiz Manuel Intxaustiren historia jasoko zuen liburu bat idazteko proposamena egin zion. "Uztaritzera eraman nuen, Miren ezagutzera, ezinbesteko baldintza baitzen Miren guztiarekin ados egotea. Horrela hasi zen guztia. Mirenek gordeta zituen dokumentu eta material guztiak eskaneatu eta artxibo historikora eraman zituen, eta beraz, Jon Urutxurtuk bazuen nondik hasi. Ni, berriz, kolonian izan ziren pertsonen ondorengoak aurkitzeaz arduratu nintzen; izan ere, [Jatsun izan ziren 34 lagunetatik] gehienak hilda zeuden", kontatu du eibartarrak. Soilik Washingtonen (AEB) bizi zen Maria Rosa Lopategi –"ze emakume! Abioia hartu eta topaketetara etortzen zen", aipatu du Angoitiak– eta Luisa Juanbeltz bizi ziren liburuaren proiektuarekin hasi zirenean; egun, Juanbeltz bakarrik bizi da. Angoitiak 32ren senideekin lortu zuen harremanetan jartzea. Bakarra falta du lokalizatzeko, hain zuzen: Josu Arrizabalaga zumaiarra.
Bizi ziren biekin elkarrizketak izan zituzten, gainontzekoen oinordekoekin ere bai, eta hain zuzen, memoriaren kateak atzetik etorri den belaunaldia lotzea izan da liburua ontzeko prozesuak ekarri duen emaitza politenetako bat, Angoitiaren ustez: joan den maiatzean Larresoron (Lapurdi) bazkaritarako elkartu ziren senideak –han izan zen Juanbeltz ere–, haien aurrekoek egiten zuten modura.
Lapurdira egindako bisitekin, jasotako testigantzekin eta artxibo historikoan bildutako informazioarekin idatzi zuen Jon Gurutxurtuk Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea Kolonia (Jatsu, 1937-1939). Iazko urrian argitaratu zuten liburua, eta horrela, amets bat bete zuen Angoitiak: "Orain modua dago koloniako haurren testigantzak ikusteko, ukitzeko eta zabaltzeko".