'Errio' dokumentala ikusteko aukera izango da gaur Aita Marin

Onintza Lete Arrieta

Errio dokumentaleko fotograma bat. 

Ondoren solasaldia izango da Ibon Gaztañazpi zuzendariarekin. Orioko Udalak 2024an ekoitzitako dokumentalak herriak errioarekin duen lotura azaltzen du historian atzera eginda, baita adituen eta herritarren iritziak jasota ere. 

Errio dokumentala emango dute Aita Mari aretoan gaur 19:00etan. Orioko Udalak 2024an ekoitzitako dokumentalak herriak errioarekin duen lotura azaltzen du historian atzera eginda, baita adituen eta herritarren iritziak jasota ere. 

Ibon Gaztañazpi kazetari oriotarrak zuzendutako lana da, eta proiekzioaren ondoren solasaldia eskainiko du.

Dokumentala Nagore Urdapilleta arraunlariak gidatzen du. Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak milaka palakada eman ditu errioan gora eta behera. Nolanahi ere, konturatzen da ez dituela ezagutzen Oriak gordetzen dituen txokoak eta sekretuak. Bidaia bat abiatuko du ibaian gora, eta, pixkanaka, hainbat pertsonaiaren bidez, Orioren iragana eta ondarea deskubritzen joango da.

Galdera zehatz batzuei erantzuten die dokumentalak: nola liteke Oria bezalako ibai koskor batean eraiki izana historian erabakigarria izan zen ontziteria? Nolatan lehiatu zuen Oriak Europako ibai garrantzitsuenekin? Zergatik garatu zen Oriako erriberan hain itsas industria oparoa? Erdi Aroan 400 biztanle inguruko herrixka izan arren, zer dela eta nabarmendu ziren oriotarrak balea-arrantzan?

"Errioa da Orioko itsas ondarearen aberastasunaren ardatza; herria, baserria eta itsasoa lotzen dituen zilbor-hestea. Ontziolak ezartzeko toki aproposa zen, itsasotik gertu egonda, Orioko barrak babesten baitzuen. Horregatik eraiki zituzten hainbeste Oriaren bazterretan", diote egileek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide