Unescoren Munduko Geoparke Sareko partaidea da Euskal Kostaldeko Geoparkea, baina izendapen hori ez da betirako izaten. Sareko kide izaten jarraitu ahal izateko, aldian behin ebaluazioa pasa behar izaten dute sareko partaideek, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen kasuan laugarren aldiz prozesu hori igaro behar izan du aurten. Hain zuzen ere, maiatzean bi ebaluatzaile izan ziren Geoparkean beharrezko egiaztapenak egiten, eta orain jakin du emaitza: beste lau urtez izendapenari eutsiko diola.
Unescok gaur eman du erabakiaren berri, Parisen egiten ari diren Munduko Geoparkeen Kontseiluaren 11. bilkuran. Aurreko aldietan bezala, kalifikaziorik altuenarekin gainditu du azterketa Geoparkeak eta Green Card delakoa eskuratu du ikerketa zientifikoan, kontserbazioan, hezkuntzan eta natura-turismoan egindako lanagatik, baita geoparke "sendo eta osasuntsua" izateagatik.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak laugarren aldiz lortu du Munduko Sarean jarraitzeko babesa berritzea, eta oraingo honetan ere adituek ez dute inolako neurri zuzentzailerik identifikatu. Leire Barriuso Geoparkeko kudeatzaileak adierazi duenez, berrespenak "berme bat" ematen dio Geoparkeari. "Hainbeste urte eta gero, geoparke sendo bat bihurtu garela jasotzen du Unescoko ebaluatzaileen txostenak; bertako agenteen inplikazioa eta gure estrategia errealista bezain asmo handikoa goraipatzen dituzte".
Geoparkea osatzen duten hiru herrietako –Deba, Mutriku eta Zumaia– udalek pozik hartu dute albistea, eta honakoa adierazi du Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak: "UNESCOren aitorpenak gure ikuspegia berresten du eta Geoparkearentzat etorkizun bikaina lortzeko daukagun itxaropena berritzen laguntzen digu".