Azaroaren 11rako greba orokorra deitu dute, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! lelopean, eta lanuzte hori prestatzeko, batzar irekia egingo dute gaur, asteazkena, arratsaldean. 18:00etan elkartuko dira, Hogarreko lehen solairuan, eta deitzaileek bertaratzeko deia egin diete herriko eragileei eta norbanakoei.
Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta etxebizitza sindikatuek egin dute greba orokorrera batzeko deia, "etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko". Greba orokorrean aldarrikatuko dute "kalitatezko etxebizitza" bermatu behar dela guztientzat, eta horretarako hiru transformazio bultzatzea ezinbestekoa dela: "Batetik, espekulatzaileen espropiazioa; bestetik, jardun espekulatiboaren debekua; eta, azkenik, etxebizitzen eta bitartekoen antolaketa, langileriaren beharren araberakoa eta justua". Hala ere, bileraren deitzaileen ustez, badira "langileriaren berehalako itoaldia arinduko luketen neurriak": etxegabetze guztien etetea, eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera.
Arrazoi horiek tarteko, dei egin dute greba orokorrarekin bat egitera, kaleak hartzera eta antolatzera. Era berean, greba egunean modu bateratuan antolatuta gauzatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute: hain justu, 12:30ean Donostian eta 18:00etan Zumaian egingo dituzte manifestazioak.