Espero bezala, ikusmin handia piztu du aurten ere Go!azen telesailaren itzulerak. Hamahirugarren denboraldiaren estreinaldia azaroaren 15ean izango da Aita Mari aretoan, eta saiorako gonbidapenak ordu gutxiren bueltan agortu dira.
Sarrerak eskuratzeko aukera gaur goizeko 10:00etan ireki dute sarrerakzumaia.eus atarian, pertsona bakoitzeko gehienez lau eskuratzeko mugarekin. Dena den, gonbidapenak berehala amaitu dira, eta herritar ugari geratu da hitzordurako txartelik gabe.
Hitzorduaren arrakasta eta eragin duen eskari handia ikusita, Zumaiako Udaleko Kultura Sailak dei berezia egin die gonbidapena lortu baina azkenean bertaratu ezingo duten herritarrei, txartelak itzul dezatela eskatuz. Gonbidapenak itzuli nahi dituztenek bi bide dituzte horretarako: posta elektronikoz, alondegia@zumaia.eus helbidera mezua idatzita, edo telefonoz, 943 86 10 56 zenbakira deituta.