Ategorrietan Fisterra nobela grafikoaren aurkezpen ekitaldia hartuko du Inpernupe elkarteak datorren azaroaren 12an, osteguna, 18:30ean. ARGIAren eskutik argitaratutako lan horrek Euskal Herriko XX. mendeko langileen aurkako sarraskirik handiena dakar gogora.
Liburuaren testuez Markel Ormazabal, Lander Arbelaitz eta Beñat Apalategi arduratu dira, eta Malen Gainzarainek egin ditu ilustrazioak. Euskarazko nobela grafiko horrek historiaren pasarte ilun bezain ezezagun batean sakontzen du, hain zuzen, 1931ko maiatzaren 27an Donostiako Ategorrieta auzoan jazo zena.
Egun hartan, Pasaiatik (Gipuzkoa) zetorren langileen manifestazio baten aurka tiro egin zuen Guardia Zibilak. Hiriko ekialdeko sarbidea zen Ate Gorria benetako lurraren amaiera (Finis Terrae) bihurtu zen, tiroketak hildakoak, zaurituak, gerra-egoera eta atxiloketa ugari eragin baitzituen. Komikiaren egileek benetako pertsonaiak eta fikziozkoak uztartu dituzte narrazioan, gertatutakoaren egiazkotasuna desitxuratu gabe.