Irati Osa piraguista, Gipuzkoarren Kirola sarirako hautagaien artean

Julene Frantzesena

Irati Osa, Sella ibaiko Nazioarteko Jaitsieran. (Utzitakoa)

Denboraldi bikaina osatu du Osak aurten ere, eta horren ondorioz dago Gipuzkoarron Kirola saria jasotzeko hautagaien zerrendan. Herritarrek boto bidez erabaki dezakete zeinek jasoko duen sari hori; azaroaren 17ko gauerdira arte eman daiteke boza. Abenduaren 11n izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren sari banaketa ekitaldia, Eibarren.

Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol sailak jakinarazi ditu Gipuzkoarren Kirola sarirako hautagaien izenak. Sari hori beste hainbatekin batera banatuko du erakundeak, abenduaren 11n Eibarko Coliseo antzokian egingo duten ekitaldian, eta Irati Osa piraguista zumaiarra dago hautagaien artean.

Denboraldi bikaina osatu du Osak aurtengoan ere. Izan ere, besteren artean, Euskadiko, Espainiako, Europako nahiz munduko lehietan aritu da, eta askotan lortu du podiumera igotzea, baita txapelketak irabaztea ere.

Herritarrek boz bidez erabakiko dute nork jasoko duen Gipuzkoarron Kirola saria, eta herritarrek azaroaren 17ko gauerdira arteko epea izango dute botoa emateko; honako lotura honetan eman daiteke boza.

Ez da Gipuzkoarren Kirola izango Aldundiak aurten banatuko duen sari bakarra; izan ere, gizon-emakumeei zuzendutako Gipuzkoa Kirolak saria eta Kirol Konpromisoa saria ere banatuko ditu erakundeak, baita Distira eta Enpresa sariak ere.

 

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide