Herritar ugari atera dira kalera Gazte Asanbladaren urteurrenaren harira

Eneko Eizagirre Perez

Egun osoko egitaraua antolatu dute Zumaiako Gazte Asanbladako kideek. 12:30ean izan da txupinazoa gaztetxe parean, eta ondoren, herriko tabernetan barrena poteo musikatua egin dute. 14:30ean bazkaritarako elkartuko dira, eta arratsaldean, Bindarrok elektrotxarangak girotuko du festa eguna. Gero kontzertuak eta DJ emanaldia izango dira.

Zumaiako Gazte Asanbladarentzat data esanguratsua da gaurkoa, eta egun osoko jarduerekin ospatuko dute herritarrek asanbladaren bosgarren urteurrena. Goizean hitzaldiarekin hasi dute urtemuga egitaraua, eta gauera bitartean, hamaika ekintzarekin girotuko dute herria Gazte Asanbladako kideek.

Eguerdian, dozenaka lagun elkartu dira gaztetxe parean, txupinazoaren bueltan. Bertso giroan eta lagun artean eman diote horiek hasiera gaurko jaiari. Ondoren, Erribera kalean barrena egin dute poteoa, musikaz girotuta. Bazkaritarako gaztetxera itzuli dira herritarrak; izan ere, 14:30ean zuten bazkaritarako hitzordua. 90 bat lagun elkartuko dira mahaiaren bueltan, eta arratsaldean zuzeneko musika izango da protagonista nagusia. Hain zuzen ere, Bindarrok elektrotxaranga izango da herriko kaleak girotzen.

20:00etatik aurrera hasiko dira kontzertuak Gaztetxearen kanpoan jarri duten agertokian. Sustrai Berriak, Suger eta Sabdariffa taldeek eskainiko dituzte zuzenekoak. Antolatzaileen hitzetan, ehunka lagun elkartuko dira kontzertuak ikusteko; izan ere, esperotakoa baino sarrera gehiago saldu dituztela azpimarratu dute. Egunari amaiera emateaz Ian Ruiz DJa arduratuko da.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide