Ostegunetik aurrera mila erosketa bonu jarriko dituzte salgai udalak eta Gertuk

Julene Frantzesena

Udaleko eta Gertuko kideak. (Zumaiako Udala)

30 euroren trukean 40 euroko balioa duten bonuak eskuratu ahal izango dituzte herritarrek. 18 urtetik gorako edonork erosi ahal izango ditu bonuak, eta urtarrilaren 6ra arte erabili ahal izango dituzte horiek. Bi erakundeek ErrotaHerria kanpainaren barruan jarri dute martxan bonuen egitasmoa.

Zumaiako Udalak eta Gertu merkatari elkarteak erosketa bonuak kaleratuko dituzte, ErrotaHerria kanpainaren barruan. Ostegunetik aurrera, 30 euroren trukean 40 euroko balioa duten bonuak eskuratu ahal izango dituzte herritarrek; orotara, mila bonu jarriko dituzte eskuragarri Turismo Bulegoan.

18 urtetik gorako edonork erosi ahal izango ditu bonuak, Zumaian bizi ala ez. Pertsona bakoitzak erosketa bakarra egin ahal izango du, ordea, eta gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu: bat norbere izenean eta bestea beste norbaitentzat. Erosketa egiteko NA originala, haren kopia edo argazkia aurkeztu beharko dute herritarrek. 

Bonuak azaroaren 12tik urtarrilaren 6ra arte erabili ahal izango dira, bi egun horiek barne, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan. Erosketa bakoitzean, gehienez, lau bonu erabili ahal izango dituzte herritarrek. Bonuak ezingo dituzte eskudirutan trukatu, eta erosketaren zenbatekoa erabilitako bonuaren balioa baino txikiagoa bada, ez dute diferentzia itzuliko.

Kanpainaren bidez, 40.000 euro bideratuko dituzte Zumaiako saltokietara. Eta hain zuzen ere, horixe da egitasmoaren helburua: herriko saltoki txikietan kontsumoa sustatzea eta herritarren artean Zumaian erosteko ohitura indartzea. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide