Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Esnatu dinamikaren barruan, Zumaiako Euskara Mahaiak dei egin die herriko kultura, kirol, gizarte eta aisialdi alorretako talde guztiei azaroaren 17 baino lehen bakoitzak konpromisoak har ditzan.
UEMAk ikerketa bat egin berri du, 2036an euskaldunak nola egon daitezkeen irudikatzeko: alde batetik, "aldaketa demografiko handiak" egotea aurreikusi dute, eta bestetik, arnasguneak "desagertu" egin daitezkeela, eta ondorioz, haur eta gazteen artean "atzerapausoak gertatzeko arriskua" egon daitekeela nabarmendu dute.
Zumaiari dagokionez, datu batzuk "nahiko onak" direla azaldu du udalak, besteak beste, gaitasuna edota gazteen erabilera, baina "beherako joera" ere ikusi da beste batzuetan: etxeko hizkuntza, haurren lehen hezkuntza, eta sare sozialen erabilera. Testuinguru horretan, UEMAk abian jarri du Esnatu dinamika, herritarrek euskararekin duten konpromisoa modu kolektiboan erakusteko adierazpen handi eta zabal bat.
Eragileek bi bide dituzte egitasmoarekin bat egiteko: UEMAren webgunean txertatzea da bat, eta euskaraz@zumaia.eus helbidera bidaltzea bestea. Aurrez adibide eredu batzuk ere jaso daitezke, helbide horretara idatziz gero.
Zumaiako Udala ere, konpromisoak hartuta
Zumaiako Udalak bat egin du dinamikarekin, eta honako konpromisoak hartu ditu: erabilera plana eta harekin batera onartutako hizkuntza irizpideak bete eta betearaztea; kontratazio publiko guztietan hizkuntza baldintzak txertatu eta horien jarraipena egitea; proiektu handiak, plan estrategikoak eta ordenantzak onartu aurretik haien eragin linguistikoa ebaluatzea; euskararen plan estrategikoa bideratzea Zumaian euskal hiztunak aktibatzeko eta euskararen komunitatea sendotzeko; doako euskalduntzerako bidean dirulaguntzak ematea; haur eta gaztetxoen aisialdiko jarduerak euskara hutsean programatzea, eta etorri berriak euskarara gerturatzeko egitasmoak landu eta horretarako bitartekoak jartzea.