Janire Gonzalez-Etxabarri munduko txapelketako bigarren itzulira sailkatu da

Maddi Txintxurreta

Janire Gonzalez-Etxabarri, bi kideen sorbalden gainean. (WSL)

Zumaiarrak nagusitasunez irabazi du bere txanda, eta bildutako 14 puntuei esker, bigarren itzulira pasatzeko txartel zuzena lortu du.

Janire Gonzalez-Etxabarri Zumaiako surflariak bikain hasi du Peruko Punta Rocasko uretan jokatzen ari diren ISA World Surfing Games munduko txapelketa. Lehen itzuliko bosgarren txandan, Basque Teameko kirolariak 14 puntu batu ditu, eta bigarren itzulira sailkatzea lortu du.

Jardunaldia ez zen ezustekorik gabe hasi, sistema elektrikoaren hutsegite batek lehiaketa bi orduz atzeratzea eragin baitzuen. Antolakuntzak igandeko txandak berregituratu behar izan zituen, baina Zumaiako surflariak kontzentrazioari eutsi zion.

Uretan eraginkortasun handia erakutsi zuen. Bi olatu bakarrik hartuta –7,50 eta 6,50 puntukoak–, bere seriea aise menderatu zuen. Hala, atzean utzi zituen Yun Jung Chung taiwandarra (4,56 puntu) eta Snow Parisi kanadarra (3,90 puntu).

Aurreko urtean El Salvadorreko Munduko Txapelketan urrea eskuratu ostean, Gonzalez-Etxabarrik helburu bikoitza du Peruko hitzorduan: banakako munduko koroari eustea eta taldekako sailkapenean plaza olinpikoa eskuratzea Ariane Ochoa bilbotarrarekin eta Nadia Erostarbe zarauztarrarekin batera. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide