Gipuzkoa Gazte Tourrek Zumaian egingo du geldialdia aste honetan

Enara Ariznabarreta

Ainhoa Urteaga kontzertu batean. (Utzitakoa)

Azaroaren 13an eta 14an egingo dituzte jarduerak Komentuan. Ostiralean, Irene Tempradoren hiri-dantzako masterclass-az gozatzeko aukera izango da. Larunbatean, berriz, Kulto Kultibok, Maleza Kolektiboak eta Ainhoa Urteagak kontzertuak eskainiko dituzte.

Gipuzkoan Gazte Tourrek (GGT) Zumaian egingo du geldialdia aste honetan, gazteei kultura garaikideko hainbat adierazpide hurbiltzeko eta parte hartzeko zein sormena garatzeko espazioak eskaintzeko asmoz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak sustatutako ekimenak, hiri-dantza eta zuzeneko musika uztartuko ditu azaroaren 13an eta 14an, Komentuan.

Ostiralean ekingo diote egitarauari Irene Temprado dantzari eta koreografoak eskainiko duen hiri-dantzako masterclass-arekin. Saio praktikoan, parte hartzaileek artistarekin lan egiteko aukera izango dute, mugimendu-teknikak, musikaltasuna eta gorputz-adierazpena landuz. Hori horrela, dantza sormenerako eta nortasun pertsonala adierazteko tresna gisa ezagutzeko aukera izango dute.

Larunbatean, berriz, zuzeneko musikaren txanda izango da, eta Kulto Kultibo talde irundarrak eskainiko du kontzertua. 2010ean hasi zuen ibilbidea taldeak, eta rapa, reggaea eta raggamuffina uztartzen ditu bere musikan. Pecak, Samuk, Setak eta Aimarrek osatzen dute taldea, eta hainbat ezaugarrik bereizten dute, esaterako, bizipen pertsonalak eta gizarte-gaiak jorratzen dituzten letrek, eta zuzeneko emanaldietako energiak. Haiekin batera, Maleza Kolektiboak eta Ainhoa Urteagak ere joko dute. Azken horrek, Zumaiako tokiko talentua ordezkatuko du, Gipuzkoan Gazte Tourrek inguruko sortzaileei ikusgarritasuna emateko duen helburuari jarraituz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendari den Isaac Palenciak gazteek kulturan modu aktiboan parte hartzeko espazioak sortzearen garrantzia azpimarratu du. Haren hitzetan, ekimenak ibilbide luzeko artistez gozatzeko aukera eta herrietako talentuaren aitortza uztartzen ditu. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide