Greba orokorrera deitu dute biharko ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin batera, etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatzeko eta langileen pobretzeari aurre egiteko. Hainbat saltoki, enpresa nahiz zerbitzu langilez hustuko dira, eta lanuztearekin bat egingo dute. Deialdiaren bidez, etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoei aurre egitea, espekulazioari mugak jartzea eta etxebizitza negozioaren gainetik herritarren oinarrizko eskubide gisa aitortzea eskatuko dute. Era berean, langileen bizi-baldintzak eta erosahalmena hobetzeko neurriak aldarrikatuko dituzte.
Jasotako datuen arabera, herriko honako enpresa eta eragile hauek batu dira greba deialdira, besteak beste: Zumaiako Mugimendu Feminista, Goialde, Mendiaraiz eta Siliconas Silam. Ikastetxeetan ere aurreratu dute ezin izango dela jardun arrunta ziurtatu eta Hezkuntza Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak bermatuko direla.
Zumaiako udal langile gehienek bat egin dute lanuztearekin, eta Zumaiako Udal Gobernuak jakinarazi duenez, ezingo dira udal zerbitzuak bermatu.
Greba orokorrak Euskotrenen zerbitzuetan ere eragina izango du, esaterako, trenbidean eta Lurraldebusentzat dituen autobus zerbitzuetan, eta jakitera eman duenez, %30eko gutxieneko zerbitzuak bermatuko ditu. Martxan egongo diren zerbitzuen aurreikuspena egin dute, eta hemen kontsulta daitezke ordutegiak.
Deialdiak
Eguerdi partean hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak, eta horietara joateko dei egin diete herritarrei; Donostiakoa 12:30ean hasiko da Pio XII plazatik. Arratsaldean, berriz, eskualdea bera bihurtuko da aldarrien plaza. Manifestazioak egingo dituzte Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian, denetan ere 18:00etan plazatik hasita.