Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da azaroaren 25ean, eta iazko kanpainaren mezuari jarraipena emateko, Zumaiako Udalak eta Emakumeon Etxeak berriro nabarmendu dute indarkeria matxistak "forma asko" dituela. Psikologikoa, fisikoa eta sexuala ez ezik, ekonomikoa eta sinbolikoa ere izan daitekeela gogorarazi dute.
Hala azaldu dute gaur arratsaldean egindako agerraldian Maite Egaña Berdintasun, Partaidetza, Aniztasun eta Gazteria zinegotziak eta Aratz Zearreta Emakumeon Etxeko dinamizatzaileak. "Iaz kanpaina zehatz bat jarri genuen martxan Azaroaren 25aren atarian, udalak indarkeria matxista prebenitzeko eta indarkeria hori jasaten dutenei laguntzeko zerbitzuak eskaintzen dituela nabarmentzeko. Gizarte Zerbitzuek urte asko daramatzate arlo horretan lanean, baina Emakumeon Etxetik ere argi utzi nahi dugu zerbitzu hori eskaintzen dugula. Hemen, hain zuzen ere, arreta psikologikoa eta juridikoa ematen ditugu, besteak beste", azaldu du Egañak.
Kanpainaren harira, gainera, egitarau zabala prestatu dute Azaroaren 25aren bueltan. Azaroaren 13an, ostiralarekin, emango diote hasiera egitarauari, hitzaldi batekin. Carmen Ruizek gidatuta, indarkeria matxistak hautemateko eta prebenitzeko estrategiez ariko dira.
Azaroaren 23an eta 24an, berriz, aurreko urteetan hasitako dinamikarekin jarraituko dute, eta ziberindarkeriaren inguruko lanketa egingo dute Zumaienako eta Herri Eskolako ikasleekin. Ildo beretik, hilaren 24an, arratsaldean, Sheila Melconek helduei zuzendutako hitzaldia eskainiko du, ziberindarkeria prebenitzeko tresnak ezagutarazteko.
Azaroaren 25ean, aldarria kalera ateratzeko eguna izango da. Mugimendu Feministak deituta, manifestazioa egingo dute Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta. Hurrengo egunean ere izango da jarduerarik: Nerea Barjola baimenaz eta askatasun sexualaz ariko da. Egitarauari amaiera emateko, abenduaren 10ean, indarkeria sexuala ardatz duen Helenas antzezlana eskainiko dute, Bea Insaren eskutik.
Harremanetarako eta larrialdietarako telefonoak
- Zumaiako Emakumeon Etxea: 633 43 27 62. Zerbitzua bertan, aurrez hitzordua hartuta.
- Zumaiako Gizarte Zerbitzuak: 943 86 22 00. Zerbitzua bertan, aurrez hitzordua hartuta.
- Eusko Jaurlaritzaren arreta zerbitzua: 900 84 01 11. 24 ordu, 365 egun, doakoa eta anonimoa.
- Larrialdiak: 112.
Egitaraua
Azaroak 13, ostirala
- 18:30. Carmen Ruizen Descodificar la misoginia: estrategias para la detección y prevención de las violencias machistas hitzaldia, gazteleraz, Emakumeon Etxean.
Azaroak 23 eta 24
- Goizean zehar. Ziberindarkeriari buruzko hitzaldi-tailerra, Zumaienako eta Herri Eskolako ikasleekin, Emakumeon Etxean.
Azaroak 24, asteartea
- 18:30. Sheila Melconen Klik baten atzean: manosfera, ziberindarkeria, prebentziorako tresnak eta erresistentzia feministak hitzaldia, euskaraz, Emakumeon Etxean.
Azaroak 25, asteazkena
- 18:30. Mugimendu Feministak deitutako manifestazioa, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta.
Azaroak 26, osteguna
- 18:30. Nerea Barjolaren Libertad sexual, consentimiento, feminismo: narrativas y transgresiones feministas hitzaldia, gazteleraz, Emakumeon Etxean.
Abenduak 10, osteguna
- 18:30. Helenas antzezlana, Bea Insaren eskutik, gazteleraz, Emakumeon Etxean.