Azaroaren 11ko greba orokorra

Jendetzak hartu ditu Zumaiako kaleak etxebizitza eskubidearen alde

Maddi Txintxurreta

Etxebizitza eskubidearen aldeko eta espekulazioaren aurkako mezuak ozen zabaldu dituzte herritarrek arratsaldean egin duten manifestazioan. 

Milaka herritarrek egin dute bat gaur, azaroak 11, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta espekulazioaren aurka egin den greba orokorrarekin. Goizean goizetik hasita, grebalariak Itziarrera joan dira biribilgunea moztera, eta ondoren, Joxe Mari Korta industrialdera hurbildu dira. Era berean, GKSk herri sarrera itxi du honako hau dion pankarta batekin: Errentistak, espekulatzaileak eta politikoak errudun!. Goizeko piketeetan pertsona bat identifikatu du ertzaintzak, Joxe Mari Korta industrialdean. Grebak eragin handia izan du Zumaian, eta lanuztearekin bat egin duten eragileak asko izan dira.

Eguerdian, sindikatuek Donostian deitutako mobilizaziora joan dira hainbat herritar, eta arratsaldean egin dute Zumaian eguneko mobilizazio nagusia. Jendetza elkartu da 18:00etarako Beheko Plazan, eta gaurko greba orokorreko aldarri nagusiak kalerik kale zabaldu dituzte manifestazioan: etxebizitza eskubide unibertsala aldarrikatu dute. Kalerik kale ibili dira Etxebizitzaren negozioari ez! eta Errentismoa suntsitu! bezalako leloak ozenduz, eta txistu egin diete greba egunean irekita zeuden establezimenduei paretik pasatu direnean.

Plazan amaitu dute manifestazioa, eta han egin dute irakurketa Etxebizitza Sindikatu Sozialistako eta Mugimendu Feministako kide banak. Haiek azaldu dutenez, langile klasea pobretzearen "arrazoi nagusienetako bat" da etxebizitzarena. "Euskal Herrian prezioek gora egin dute, bizitegi erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari da, etxegabetzeak ugaritzen, eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten ari dira. Balantzaren alde batean pilatzen dira pobrezia, eskubide ekonomikoen zein politikoen murrizketak eta ziurgabetasuna, eta beste aldean, espekulatzaile eta errentatzaile gutxi batzuek inoizko irabazirik handienak", nabarmendu dute.

Etxebizitzaren inguruko negozio espekulatiboaren hazkundearen eraginez, gizartean "arrakala sozioekonomikoa zabaltzen" ari dela adierazi dute. "Langileriaren zati batek familia ondaretik geratzen zaienari esker egin diezaioke aurre krisiari, baina beste asko dira aukera hori ez dutenak. Arrakala horretatik sartu nahi dute faxismoak eta diskurtso erreakzionarioek, azken-aurrekoa azkenaren aurka jarriz. Guk ez dugu hori onartuko, ordea. Etxebizitzaren arazoaren errudunak espekulatzaileak, errentatzaileak, higiezin enpresak eta haiek defendatzen dituzten politikariak dira, ez etxebizitzaren arazoa gehien pairatzen dutenak".

Zumaian, 400 etxebizitza huts

Herriko errealitateari dagokionez, Zumaian 400 etxebizitza huts inguru daudela salatu dute, horietako asko "espekulatzeko asmoz bahituta". "Bitartean, Zumaiako langileriak ez du alokairuko etxebizitzarik topatzen merkatuan, eta dagoen eskaintza urriaren prezioa ez da eskuragarria. Gainera, azken urteetan alokairuko kontratuen errentak etengabe gora egin duen arren, langileon soldatak ez dira abiadura berdinean igo, eta beraz, soldataren parte handiagoa bideratu behar dugu hori ordaintzera, gure pobretzean sakonduz", ohartarazi dute.

"Espekulatzaileen eta errentatzaileen negozioak" eragiten dute etxebizitzaren krisia, irakurketa egin dutenen aburuz: "Patronalak etekin bikoitza ateratzen digu langileoi. Batetik, lantegietan, soldaten balio gutxitzearen bidez, eta bestetik, etxebizitzaren eremuan, errentaren eta espekulazioaren bidez. Horregatik, bi eremuetan klase borroka indartzeko momentua da; kapitalaren nahiz patronalaren interesei aurre egin behar zaie".

Erakunde publikoak eta alderdi politikoak ere "espekulatzaileen interesen zerbitzura" daudela gaineratu dute. "Erantzukizun politiko eta instituzional guztiak seinalatu behar ditugu. Alde batetik, eskuineko alderdiak ditugu, hala nola PP, UPN eta EAJ, espekulazioa bultzatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren mesederako politikak aplikatzen dituztenak. Bestetik, PSOEren gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean. PSOEren gobernuari babesa eman dioten alderdi guztiak ere erantzule dira, eta agerikoa da handikeriaz aurkeztutako Etxebizitza Legeak ez dituela agindutako aldaketak ekarri. Eraginkortasun urriko konponbide partzial batzuetatik harago, hartzen ari diren neurriek errentaren interesak eta finantzaketa blindatzea dute helburu".

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek ere "higiezinen negozioa indartzen duten politikak" babesten dituztela salatu dute, bestelako eskumenak izanagatik ere. "Higiezinen enpresen eta errentadunen interesekin lerrokatuta, espekulatzaileen eskuetan amaitzen duten diru laguntzak eta abalak sustatu dituzte, eraikuntza ziklo berri bati bide ematen dioten legeak onartu dituzte, eta errentatzaileentzako onura fiskaletan oinarritutako politikak aplikatzen ari dira". Udalak ere jo-puntuan izan dituzte sindikatuek, eta adierazi dute alderdi guztietako udalek "etengabe baimentzen" edo "zuzenean gauzatzen" dituztela etxegabetzeak, bestelako alternatibarik eskaini gabe.

Neurri eske

Etxebizitzaren krisialdia arinduko duten neurriak hartzea posible dela adierazi dute sindikatuek. Besteak beste, alokairuen prezioak jaistea edo etxegabetzeak etetea galdegin dute. "Gure egitekoa ez da ogi apurrak lortzeko borrokatzea soilik, baizik eta etxebizitzaren arazoari erabateko konponbide bat emateko aukerak irekitzea. Etxebizitzaren arazoa konpontzea posible da; posible da etxebizitza pertsona guztientzako eskubide bermatua izatea, osasuna edo hezkuntza diren bezala".

Espekulazioarekin eta errentarekin amaitzeko, hiru norabide nagusitan egin behar da "aurrera" sindikatuen esanetan. "Batetik, espekulatzaileei ondasunak desjabetu behar dizkiegu, milaka etxebizitza gutxi batzuen esku daude eta; berreskuratu eta guztion behar kolektiboen zerbitzura jarri behar ditugu. Bestetik, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa eta errentatzailea debekatu behar ditugu, inor ez dadin bizi langileen soldataren kontura aberastuz. Eta, azkenik, etxebizitza eta baliabide guztiak langile klasearen beharren arabera antolatu behar ditugu. Merkatu libreak arazoak betikotu egiten ditu eskaintzaren eta eskariaren logikarekin, eta milaka euro kostatzen zaizkigu guztioi. Baliabideen antolaketa arrazionala behar da, irabazi pribatuaren mende egongo ez dena".

Antolatzeko deia

Sindikatuek antolatzera deitu dituzte herritarrak, "bidegabekeriei" aurre egiteko nahiz "hobekuntzak" lortzeko. "Euskal Herrian badaude aurrerapausoak emateko baldintzak. Azken urteotan ikusi dugu borroka beharrezkoa dela, eta merezi duela. Ez dira zortzi hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin genuela, eta gaur, berriz, erroko eraldaketak bultzatzeko unea dela defendatu dugu, baita Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruan sakontzeko unea dela aldarrikatu ere".

Erakundeek eta horiek kudeatzen dituztenek etxebizitzarena bezalako kontuak "arazo indibidualak" balira bezala aurkeztu ohi dituztela esan dute sindikatuek, eta horren aurrean, "kolektiboki antolatzea" ezinbestekoa da haien ustez. "Antolatzeko deia egin nahi dugu, eta etxebizitzaren arazoa pairatzen duen orori argi esan nahi diogu: ez sentitu lotsarik edo errurik; antolatzea eta borrokatzea dira tresnarik onenak. Langile klase antolatua eta indartsua behar dugu. Bai eskuineko balizko gobernu batek ekar dezakeen eskubideen atzerakadari aurre egiteko, bai ezkerreko gobernuak eman nahi izan ez dituen aurrerapausoak lortzeko. Antolakuntzaren eta borrokaren bidez soilik lor daitezke gauza handiak".

Horren aurrean, euskal langile klasearen batasuna aldarrikatu dute, "interes komunen alde" eta "espekulatzaileen aurka" egingo duena. Gainera, "arazoaren alderik gordinena" pairatzen duten herritarren egoera aintzat hartzea eskatu dute, hala nola indarkeria matxista jasaten duten emakumeena, sexu genero disidenteena, babesik ez duten eta emantzipatu ezin diren gazte langileena edota higiezinen agentzien zein etxejabeen "irizpide arrazista eta klasista" pairatzen duten pertsona arrazializatuena eta migratuena.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide