Pulpo elkarteak 75. urteurrena ospatzeko festa egingo du bihar Kofradian

Maddi Txintxurreta

Pulpoko jokalariak, elkartearen 75. urteurrena omentzeko elastikoa jantzita. (Utzitakoa)

Pulpo elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko Pulpo 75. Fest! jaia antolatu du biharko.

Pulpo elkarteak 75 urteko historia ospatzeko Pulpo 75. Fest! jaia antolatu du biharko, Kofradia inguruan. Musika emanaldi ezberdinez gozatu ahal izango dute herritarrek.

Ekitaldi nagusia biharkoa izango bada ere, elkarteko kideak pasa den astean hasi ziren urteurrena ospatzen. Aurreko zapatuan, Zumaiako eskubaloi taldeak sorreran erabiltzen zuen elastiko historikoan oinarritutako kamiseta erakutsi zuten Sukia Pulpoko jokalariek Usurbilen aurkako partidan, taldearen sortzaileak omentzeko asmoz. Norgehiagoka galdu zuten arren, (27-29), ospakizuna txarangaren doinuekin zabaldu zuten herrigunera.

Gaur, osteguna, poteo kantariarekin emango diote jarraipena urteurreneko ospakizunei. 19:00etatik aurrera, herriko kaleetan zehar ariko dira kantuan.

Biharko festa nagusian, musika emanaldi ezberdinez gozatu ahal izango da Kofradian. 19:00etan Nagore Sanchez eta Malen Emezabal bikoteak kontzertu akustikoa eskainiko du; jarraian, 20:30ean, Geels taldearen emanaldia izango da, eta 22:00etatik aurrera DJ Saizarrek girotuko du festa. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide