Urtero, abenduaren 5ean, Lurzoruaren Munduko Eguna ospatzeko deialdia egiten du NBEren Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO, ingelesezko siglatan), eta testuinguru horretan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Lurzoruaren emankortasuna izeneko doako tailerra antolatu du hilaren 28rako, 10:00etan, Ubillos jauregian.
Parte hartzea irekia da 16 urtetik gorako edozein pertsonarentzat, betiere esteka honetan aurki daitekeen inprimakia beteta izena ematen badu.
Lurzoruen trinkotzeari aurre egitea eta elikagaien ekoizpena bultzatzea dira FAOren aurtengo deialdiaren arretaguneak. Izan ere, gizakien elikagaien %95 lurzorutik dator zuzenean, baina baliabide horren % 33 degradatuta dago gaur egun.
Geoparkearen esanetan, egoera hori oso larria da, zentimetro gutxi batzuetako lurzoru geruza bat sortzeko 1.000 urte baino gehiago behar direlako. Gainera, lurzoruak planetako espezie guztien %59 inguru hartzen ditu eta lurzoru eskukada bakar batean milaka milioi organismo bizi dira; hortaz, zapaltzeko azalera soil bat izatetik haratago, kontserbatu beharreko izaki bizi konplexua da.
Hilaren 28ko saioan, Sustraiak kooperatibako David Gonzalez kideak gidatuta eta analisi teknikoak erabiliz, lurzorua zer den, modu jasangarrian nola kudeatu daitekeen, bertako izaki bizidunen papera zein den eta kaltetuak dauden lurzoruak nola birsortu daitezkeen aztertuko dute.