Kulturak arnasa hartzeko espazio berri bat du Zumaian: Komentuko kapera

Maddi Txintxurreta

Herriko musika eta dantza talde desberdinek inauguratu zuten Komentuko kapera. Aurrerantzean, 300 lagunentzako edukiera duen espazio horrek kulturaren adierazpide desberdinak aterpetuko ditu.

Kulturak arnasgune bat gehiago du Zumaian. Herriko musika eta dantza talde desberdinek atzo arratsaldean zapaldu zuten estreinakoz Komentuko kaperako oholtza, eta aurrerantzean, kultur adierazpide anitzak aterpetuko ditu espazio berriak.

Kapera egokitzea besterik ez zen falta Komentua kultur topagune bihurtzeko prozesua ixteko, horregatik, prozesu horretan lagundu duten kultur taldeak arduratu ziren espazio berria irekitzeaz; hain zuzen ere, Zumaiako Musika Eskola, Zumaiako Musika Banda, San Pedro Abesbatza, Astindu dantza elkartea, Txistulari Banda, Zumai Txaranga, Zutrik trikitilari elkartea, dultzaineroak eta Oihana Rodriguez 'Akaleia' musikaria.  

Jon Maia eta Libe Yeregi kulturgileek aurkeztu zuten irekiera ekitaldia, eta haiek nabarmendu zutenez, batik bat musikari eskainitako espazioa izango da kaperako auditorioa. Formatu eta estilo desberdinetako kontzertuak eskainiko dituzte bertan, eta grabazio estudio bat ere izango du. Hala ere, erabilera anitzeko espazioa izango da: besteak beste, herriko elkarteen jarduera desberdinak, formatu txikiko dantza ikuskizunak, hitzaldiak, proiekzioak, tailerrak eta mintegiak ere bertan egitea aurreikusten dute.

Bestalde, eserlekuak nahieran jarri eta kendu daitezkeela esan zuten, eta horri esker, kaperako emanaldiak zutik nahiz eserita gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Eserlekurik gabeko emanaldietan 280 lagunentzako edukiera izango du auditorioak; eserita, berriz, 126 ikusle sartuko dira gehienez.

Jatorrizko erretaula atzean eta espazio berria ezagutzeko irrikaz zeuden herritarrak aurrean zituztela, mendeetan organoaren doinuak eta mojen kantuak entzun dituen kaperak gaur egun herrian bizirik dauden kultur taldeak hartu zituen atzo. Eta horien guztien etxe izan nahi du aurrerantzean ere.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide