Emakume Pentsiodunen Asanbladak agerraldia egin du gaur eguerdian Zumaian, datorren astean herri horretan bertan egingo duten seigarren batzarraren berri emateko. Azaroaren 19an, ostegunarekin, goiz osoko jardunaldia egingo dute Aita Mari antzokian, 10:00etan hasita, eta Euskal Herriko emakume pentsiodun guztiak animatu dituzte bertan parte hartzera.
Gaur-gaurkoz gehien kezkatzen dituzten gaiak jorratuko dituztela azaldu dute agerraldian Pilar Hernandez arabarrak, Isabel Dorronsoro zumaiarrak eta Arantza Corrales gipuzkoarrak. Batetik, etxeko zaintza izango dute hizpide, eta bi galderaren bueltan ariko dira: "Nork zaintzen gaitu etxean? Eta nola nahi dugu zainduak izatea?". Etxeko zaintzailea "familiako emakumea edo, gehienetan, migratutako emakume bat" dela argi dute, eta horregatik, errealitate horri buruz hitz egiteko Malen Etxea Zumaiako elkarteko Silvia Carrizok hartuko du hitza. Gaztelaniaz izango da aurreneko hitzartze hori.
Gipuzkoako herri bateko udal ordezkariek ere batzarrean parte hartuko dutela iragarri dute, baina ez dute herria zehaztu. Hori bai, "herri horretan zaintzaren inguruan egindako prozesuaren berri" emango dutela jakinarazi dute.
Ondoren, politikaz hausnartuko dute Olatz Ovejero zinemagile eta ikertzaile nafarraren eskutik. Zehazki, 1936ko gerran erbesteratutako emakumeei buruz hitz egingo du horrek, baina gaia modu orokorragoan lantzeko aprobetxatuko dute unea: "Egoera politikoaz, eskuinaren zabalpenak bultzatzen duen inboluzioaren mehatxuaz eta horrek emakumeentzat dakarrenaz hausnartuko dugu", azaldu dute. "Eskuin muturraren gorakadaren aurrean emakume pentsiodun gisa hartu beharreko jarrerari buruzko eztabaida zabalduko dugu, baita horrek emakumeongan eta gure eskubideengan dituen ondorioei buruz ere", gaineratu dute.
Jardunaldia amaitzeko seigarren batzarreko manifestua irakurriko dute, eta hori poesiaz eta kantuz lagundu. Talde argazkia aterata bukatuko dute saioa.
2021. urtetik borrokan
Emakume Pentsiodunen Asanblada 2021. urtean sortu zuten Euskal Heriko Pentsiodunen Mugimenduko (EHPM) emakumeen topagune gisa, elkarteak jorratzen dituen hainbat gaik emakume pentsiodunengan duten eragin espezifikoari buruz eztabaidatzeko.
Urte hauetan hainbat gairen inguruan hausnartu dute, esaterako, pentsioen genero arrakalaz, alargun pentsioaz, gutxieneko pentsioaz, zaintzaz, nahiz pentsio baxuek adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistan duten eraginaz.
Eusko Legebiltzarrera ere jo izan dute, 145.000 herritarren sinaduraren babesarekin, laguntza bereziak eskatzeko gutxieneko pentsiora iristen ez diren emakume pentsiodunentzat.