Zumaiako Udala Berdintasunerako V. Plana prestatzen ari da, herriko errealitateari eta herritarren beharrei erantzuteko asmoz. Prozesu horren barruan, udalak herritarrekin lanketa kolektiboa abiatu du emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dauden arazoak eta beharrak aztertzeko. Horretarako, ostegunean, azaroak 19, 18:00etan, Emakumeon Etxean egingo den saio irekian parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritarrei.
Topaketa horren helburu nagusia da Zumaiako eguneroko bizitzako hainbat eremutan emakumeek bizi dituzten errealitateak ezagutzea eta horien inguruan hausnartzea. Herritarren ekarpenak, kezkak eta bizipenak entzunez, herrian berdintasunaren arloan dauden erronka zein behar nagusiak identifikatu nahi ditu udalak.
Saio ireki hau Berdintasunerako V. Plana osatzeko prozesu orokorraren baitan kokatzen da. Udalak azaldu duenez, helburua da plana herritarren iritzi zein proposamenetatik abiatuta eraikitzea, Zumaiaren errealitateari erantzuna eman diezaion. Horregatik, zumaiar guztiak daude gonbidatuta osteguneko saioan parte hartzera eta beren ikuspegia zein proposamenak partekatzera.