Inoizko edizio jendetsuena izan da Emakume Pentsiodunen seigarren batzarra

Enara Ariznabarreta

Emakume pentsiodunen VI. asanbladako argazki jendetsua. (Enara Ariznabarreta)

Gaur egindako Emakume Pentsiodunen asanblada inoizko jendetsuena izan da, 140 pertsona inguru elkartuta. Goizean zehar leporaino bete da Zumaiako antzokia, eta 13:00ak aldera manifestua irakurri dute. Bertan, adierazi dute, etxeko zaintzaren inguruko egoerak eta faxismoak emakumeengan izan ditzaketen ondorioek "sakon kezkatzen" dituztela.

Emakume Pentsiodunek etxeko zaintzaren inguruko egoera eta faxismoak emakumeengan izan ditzaketen ondorioak izan dituzte hizpide gaur, Zumaiako Aita Mari antzokian egindako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko (EHPM) Emakumeen VI. Asanbladan. Leporaino bete da antzokia goizean zehar, eta herriko pentsiodunek egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan dute. 13:00ak aldera, antzokian bildu direnek elkarrekin abestu dute, eta ondoren, manifestua irakurri dute.

Zaintza, erantzukizun kolektiboa

Manifestuan, etxeko zaintzaren inguruko egoerak eta faxismoak emakumeengan izan ditzaketen ondorioek "sakon kezkatzen" dituztela, eta pentsiodunei zuzenean eragiten dietela adierazi dute. Etxeko zaintzaren inguruan, zaintza-lanak emakumeen gain, zein familiako emakumeen eta etxeko langile diren emakume migratzaileen esku gelditzen direla salatu dute. "Hego Euskal Herrian, 2025eko abenduaren 31n, ia 107.000 lagunek zuten aitortutako mendekotasun-mailaren bat, eta horietatik 45.000 pasatxok jasotzen zuten Familia Inguruko Zaintzarako Prestazio Ekonomikoa". Horrek esan nahi du pertsona horiek etxean jasotzen dutela zaintza, eta horietako askok mendekotasun handia dutela.

Egoera horren aurrean, etxeko langileen lana aitortzea eta haien lan- eta soldata-baldintza duinak bermatzea eskatu dute, gainerako langileekiko berdintasunean. Era berean, barne-erregimena desagerraraztea eta emakume migratuen erregularizazioa oztopatzen duen Atzerritartasun Legea indargabetzea aldarrikatu dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren arabera, zaintza ezin da "familiarizatuta, feminizatuta eta arrazializatuta" egon. Horren ordez, "zaintzea erantzukizun kolektiboa dela, ez emakumeen betebeharra", azpimarratu dute. Hori horrela, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bermatzeko eskatu diete erakunde publikoei, mendeko pertsonen beharrei erantzuteko "zerbitzu-orduak handituz, asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 orduetan eskaintzera iritsi arte". Era berean, zerbitzu horren kudeaketa publikoa izatea eta langileentzako baldintza duinak bermatzea ere eskatu dute. Gainera, "etxean zainduta dauden mendeko pertsonek oinarrizko gizarte zerbitzuetako erreferentziazko langile bat" izatea proposatu dute, "zaintza-zerbitzuetan orientatzeko eta kalitatezko arreta bermatzeko".

Eskubideak defendatzeko deia

Bigarren gai nagusia faxismoak emakumeengan izan ditzakeen ondorioak izan dira. Emakume pentsiodunek ohartarazi dute adineko emakumeek gertutik ezagutu dutela faxismoa, eta haren "ondorio sozial, ekonomiko eta politikoak" pairatu dituztela. Besteak beste, "lan egiteko, bidaiatzeko edo banku-kontu bat irekitzeko aitaren edo senarraren baimena eskatu behar izatea, abortatzeko atzerrira joan behar izatea eta indarkeria matxistaren aurrean isilik egon behar izatea" ekarri dituzte gogora.

Horregatik, gaur egungo egoera politikoaren aurrean, eskuin muturraren gorakadak emakumeen eskubideetan eta askatasunetan atzerapausoak ekar ditzakeela ohartarazi dute. "Borrokatzen jarraituko dugu, guregatik eta etorriko direnengatik, konkistatutako eskubideak defendatzen", aho batez azpimarratu dute manifestuan.

Borroka horren barruan kokatu dute independentzia ekonomikoa eta soldaten eta pentsioen arteko arrakala deuseztatzea. "EAJk, PSE-EEk eta Voxek gure HELa eztabaidatzeari betoa ezarri arren, gaur berresten dugu borrokan jarraitzeko borondatea dugula, gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren berdina izatea lortu arte", gehitu dute emakume pentsiodunek.

Azkenik, azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguneko mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin diete herritarrei, Ez ginen atzera egiteko jaio, aurrera egiteko baizik aurtengo leloa gogoraraziz. Era berean, "erantzukizunez eta kontzientziaz" hauteskundeetan parte hartzera eta emakume pentsiodunen aldarrikapenak kontuan hartzen dituzten aukera politikoak baloratzera deitu dituzte zumaiarrak. "Faxismorik gabeko zahartzaroaren alde, gure belaunaldientzat eta etorkizuneko belaunaldientzat: ez ditzagun konkistatutako eskubideak gal. Geldi dezagun faxismoa!" ohiu eginez amaitu dute manifestua.

Manifestua amaitu ondoren, elkarrekin eta aho batez oihukatu dute Ez dira pasako! kontsigna. Ondoren, Aita Mari antzokitik atera eta Amaia Plazara gerturatu dira argazki jendetsua atera, eta greban dauden San Juan egoitzako langileei babesa adieraztera.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide