Santa Zezilia egunaren harira, Zumaiako Udal Musika Bandak zuzeneko berezia prestatu nahi izan du aurten, eta Jose Mari Azkueren zuzendaritzapean, La Divina Comedia kontzertu sinfonikoa taularatuko zuen atzo arratsaldean Torreateko auditorioan. Emanaldiak interesa piztu zuen herrian, eta bertaratzeko gonbidapenak agortu egin ziren astean zehar. Beraz, aretoa beteta eskaini zuen bandak bere aurtengo proposamen musikala.
Dante Alighierik XIV. mendearen hasieran idatzitako poema epikoa oinarri hartuta, Robert W. Smith konpositore estatubatuarrak bere lehen sinfonia ondu zuen, eta, hain justu ere, obra hori izan zen musika bandaren emanaldiko errepertorio nagusia. Sinfonia lau mugimendutan banatuta interpretatu zuten –Infernua, Purgatorioa, Igokundea eta Paradisua–, eta entzuleek gozatu ederra hartu zuten kontzertuarekin.
La Divina Comedia lanaz gain, beste bi obra ere jo zituzten banako musikariek: Steven Reinekeren Rise of the firebird eta Modest Mussorgskyren A night on bald mountain, hurrenez hurren. Lehena musikagile garaikidea eta bigarrena klasikoagoa, baina bien piezekin fantasiaz, kontrastez eta indarrez beteriko ekitaldia borobildu zuten.