Zumaiako Udal Gobernuak 21135.263 euroko aurrekontu proposamena prestatu du 2027. urterako. Guztira, 3.232.111 euro bideratuko ditu inbertsioetara (%15,29), agintaldiko egitasmo nagusiak amaitzeko eta espazio publikoetan zein zerbitzuetan hobekuntzak egiteko helburuarekin.
Iñaki Ostolaza alkateak eta Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak publikoki azaldu dituzte datorren urteko aurrekontuaren xehetasun nagusiak, eta nabarmendu dutenez, datorren urteko inbertsio publikoen lehentasun nagusietako bat indarrean den agintaldian abiatutako proiektuak bukatzea izango da.
Alde batetik, Komentuko eremuan 700.000 euroko partida aurreikusi dute, kantina eta aterpetxea eraikitzeko. Kapera dagoeneko martxan dagoenez, bi proiektu berri hauekin eraikinari erabilera publiko berriak emateko prozesua osatuko dute.
Bestetik, 2027an Marianton eremuko lanak amaitzea aurreikusten du udalak, herritarren elkarbizitzarako zein erabilerarako espazioak hobetzeko asmoz.
Halaber, herriko haur parkeak berritzera 430.000 euro bideratuko dituzte. Aurten Basadiko eta Kantauri plazako parkeak egokitu dituzte, eta datorren urtean Amaia plazako eta Bidabe azpiko parkeak berrituko dituzte. Zehaztu dutenez, Jadarren ere hobekuntzak sustatzea aurreikusten dute.
Bestalde, lorezaintza zerbitzua azpikontratatuta egotetik udalaren kudeaketa zuzenekoa izatera igaroko da. Neurri horren bidez, zerbitzuaren kalitatea eta jarraipena bermatzeko, udalaren kontrola indartzeko eta langileen baldintzak hobetzeko aukerak bultzatu nahi ditu udalak.
Bi milioi euroko aurrezkia
Aurrekontuaren proposamenak 2.120.326 euroko aurrezki garbia jasotzen du. Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak nabarmendu duenez, kopuru hori asko handitu da azken urteotan, 2024an 727.946 eurokoa baitzen. Bestalde, udalaren zorra %2,91koa da.
Inbertsioen bilakaerari dagokionez, udalak 14,15 milioi euroko inbertsioak gauzatu ditu 2023tik 2025era bitartean, eta 2026ko aurreikuspenak kontuan hartuta, agintaldi osoko inbertsioa 17 milioi eurotik gorakoa izango da. Proiektu hauek finantzatzeko udal baliabide propioak, beste erakunde publiko batzuen dirulaguntzak eta kanpo finantzaketa erabili dituzte.