Itziar Ugarte Irizar Zumaiako bizilagunak bere aurreneko eleberria aurkeztu du gaur: Egunen alde zuria. Susa argitaletxeko Leire Lopez Ziluaga editoreak egin ditu aurkezpen lanak, eta azaldu du eleberriak hainbat testu mota biltzen dituela, nagusiki testu laburrez osatuta dagoela, eta baduela egunerokotik, memoria liburutik nahiz ohar koadernotik.
Nobelako protagonista eta haria ere deskribatu ditu: Joana da eleberriko protagonista, Bordeletik (Frantzia) herrira itzuli berri den emakumea, hainbat urtez museo batean lanean aritu ondotik. "Partekatutako pisu batean bizitzetik, familiako kale baserrira joango da bizitzera orain, bakarrik. Baserria salgai dago, ordea, ezingo da han luzerako egon. Etxe horretan biziko den familiako azken kidea izango da bera, eta horren jakitun, etxeari atentzio handiz erreparatuko dio Joanak, baita etxe horretan bizi izan direnei ere". Protagonista etxe bila eta, oro har, bizitzan bere tokia bilatzen ari dela kontatu du Lopezek. "Berea ez da ahots kategoriko bat, ezta ahots inozente bat ere, zalantza egiten irakurtzen dugun ahots bat baizik", nabarmendu du. "Irakurlearekin batera deskubritzen ditu gauzak, eta lehen aldiz pentsatzen".
Idatzi ahala zabaldutako ateak
Kazetaria da Ugarte, eta onartu du gutxitan egoten dela egilearen lekuan. Duela bost urte Gu gabe poema liburua aurkeztu zuela gogoratu du, eta orduan esan zuela "oso su motelean idatzitako liburua" izan zela hura. Gaur, gauza bera esan du eleberriaz. "Azken hilabeteetan buru-belarri aritu banaiz ere, oso-oso gutxika idatzitako liburua izan da hau; ziurrenik, hori da literatura idazteko nire modua, egunerokoan, lanagatik idatzi behar ditudan beste gauza askoren kontrastean".
Harremanek liburuan leku nabarmena dutela esan du, eta liburuko gai nagusien artean aktualitate bete-betean dagoen etxebizitzaren gaia eta kontenplazio aktiboa aipatu ditu. Protagonista "momentu ez finko batean" dagoela ere esan du, "halakorik existitzen baldin bada". Izan ere, Joanak ez dauka lan finkorik, etxebizitza finkorik, "ziurrenik ez dauka harremanak ulertzeko modu finko bat ere", kontatu du. "Lur ziurgabe bat zapaltzen egotearen sentsazioa dauka" liburuko protagonistak, "baina horrek, beharbada, ez du zertan txarra izan, potentzialitate handiko momentu bat ere izan daitekeelako".
Duela lau urte abiatu zuen liburu honen bilaketa: "Sentsazio, galdera eta irudi batzuk arakatzeko gogoak jarri zuen zerbait martxan". Azken unera arte liburua "oso irekita" egon dela esan du, eta horrek azaltzen duela "liburuan agertzen den ugaritasuna, testu klase nahiz kontagaiei dagokienez". Gozatu egin du idatziz, "idatzi ahala zabaldu direlako ateak", eta idazketa "entzute ariketa" ere izan dela gaineratu du Zumaiako bizilagunak.